Etengabekoa da koronabirusari aurre egiteko hartutako neurrien eguneraketa. Atzoz geroztik, asko dira tokian tokiko erakundeek, eragileek nahiz taldeek hartu dituzten neurriak. Eusko Jaurlaritzak, adibidez, Arabako, Gipuzkoako nahiz Bizkaiko ikastetxe guztiak hamabost egunez ixtea erabaki du; tartean eskualdeko haurreskola nahiz ikastetxe denak.
Udalek ere neurri ugari hartu dituzte. Adibidez, eraikin nahiz zerbitzu publiko gehienak ixtea erabaki dute Getarian, Orion, Zumaian, Aizarnazabalen, Aian, Azkoitian, Azpeitian nahiz Zestoan. Hain zuzen ere, eraikin publiko gehientsuenak itxita izango dira herri horietan, hala nola igerilekua, erakusketa aretoak, kiroldegiak, ikasteko aretoak, ludotekak, euskaltegiak zein liburutegiak.
Oraingoz ez dute baieztatu koronabirus kasurik Urola Kostan, baina urrun zirudiena gerturatu egin da, bai behintzat neurriei dagokienez. Adibidez, atzo bertan erabaki zuten adinekoen elkarte batzuek beren lokaletako ateak ixtea, udalekin hitz egin ondoren. Esaterako, Orion, Getarian, Zestoan, Azpeitian eta Azkoitian ez dituzte ateak zabalduko datozen egunetan, eta oraingoz ez dute irekiera egunik jarri, gainera.
Adinekoen egoitzetan egunak daramatzate murrizketekin eta neurri bereziekin, arrisku taldeetako bat direlako. Udal eraikinetan informazio kartelak jarri dituzte herri batzuetan, baita eskuak garbitzeko makinak jarri ere. Eusko Jaurlaritzaren eta Osakidetzaren gomendioak jarraitzen ari dira, azken batean.
Gaur-gaurkoz, eragin handiena kirol nahiz kultur jarduerei lotutako ekitaldietan ari da izaten koronabirusa. Izan ere, eskualdeko kirol ekitaldi guzti-guztiak bertan behera gelditu dira. Gauza bera gertatu da kultur ekitaldiekin; datozen hamabost egunetarako aurreikusita zeuden ekitaldi gehienak ez dituzte egingo.
Arlo ekonomikoari dagokionez, enpresak eta saltokiak ere hasi dira koronabirusaren eragina jasaten, eta baita neurriak hartzen ere. Esaterako, eskualdeko enpresa handi batzuek bertan behera utzi dituzte kanpora egin beharreko bidaiak, eta lantokietan hainbat neurri hartu dituzte. Gainera, supermerkatuetan ere nabaritzen da egoera ezohikoa dela.
HERRIZ HERRI, honako hauek dira hartutako neurriak oraingoz: