Saskia eskatzeko azken aukera

Urola Kostako Hitza 2020ko martxoaren 12a

Gaur bukatuko da Errigoraren produktuak eskatzeko epea­. Eskualdeko 21 gunetan eta 'errigora.eus' atarian egin daitezke eskaerak,

eta Nafarroa hegoaldeko olioa, kontserbak, arroza eta pasta eska daitezke oraingoan.

Azkenetan da Errigoraren udaberriko kanpaina. Gure hautuaz harro lelopean, otsailaren 27an abiatu zuten kanpaina hori, eta gaur izango da Nafarroako hegoaldeko produktuz osatutako saskiak eskatzeko azken eguna. Eskualdeko 21 gunetan eta errigora.eus webgunean egin daiteke eskaera.

Jakina da Nafarroa hegoaldeko olio, barazki eta lekaleak kalitate handikoak direla. Horiek bertako beste hainbat produkturekin elkartu, saskietan sartu, eta Errigora proiektua sortu zuten 2013an hainbat eragileren artean. Ordutik milaka herritarren sabelak goxatu dituzte, eta era berean, baita beste bi helbururi lagundu ere: bertako ekoizpena sustatzea eta euskarari bultzada ematea. Izan ere, Errigora saskiak salduz bildutako diruaren zati bat Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko euskalgintzarentzat izaten da.

Urtero bi kanpaina egin ohi ditu Errigorak: bata, udaberrian, Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura izenburupean; eta bestea, udazkenean, Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka izenburupean. Ekintzaileen hitzetan, kanpaina horien helburua da "Nafarroa hegoaldeko baratzeko produktuak Euskal Herriko sukaldeetara ekartzea". "Arduraz ekoizten dena arduraz elkartrukatu eta arduraz kontsumitzeko saiakera bat" dela diote.

Interesa dutenek, esku bete produktu eskuratu ahalko dituzte: oliba-olio birjina estra ekologikoa eta konbentzionala, bost litroko bidoietan —aurten barietatea eskatzeko aukera dago, gainera—; kontserba ekologikoak nahiz konbentzionalak —zainzuriak, pikillo piperrak, orburuak, barazki-menestra, tomate frijitua, arroza, potxak eta kremak—, hamabi ontziko sortetan; eta arroza eta pasta ekologikoa, hamabina paketeko sortetan. Guztia, euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan.

Produktu horiek guztiak eskatzeko epea gaur bukatuko da, baina produktu guztiak ez dituzte aldi berean banatzen. Banaketa bi txandatan egiten dute: apirilean olioa eta maiatza-ekainean kontserbak.

Pixkanaka, hazten

Egitasmoa sortu zutenetik "hazkunde kualitatibo zein kuantitatiboa" eman dutelakoan daude egitasmoaren sustatzaileak, urteen joanean haziz baitoa Errigora saskiak eskatzen dituzten kontsumitzaileen eta saski horiek hornitzen dituzten ekoizleen kopurua. 2014an, Euskal Herriko 30 herritan egin zuten kanpaina eta 1.500 familiak eskatu zituzten saskiak; iazko udazkenean, berriz, 100 herritara iritsi ziren, eta 6.500 familiak eskatu zituzten Errigora produktuak.

Ekoizleen kopuruari dagokionean ere, hazkundea nabarmena izan da. Lau ekoizlerekin abiatu zuten egitasmoa, eta aurtengo udaberriko kanpainan hamaseik parte hartu dute: bost olio errotak, bederatzi kontserba etxek, eta arroz ekoizle eta pastagile banak. Iaz, 93.000 litro olio, 207.000 ontzi kontserba eta 11.000 kilo arroz eskatu zituzten 6.500 familiak.

Eskaerak eta banaketa

-Epea. Gaur arte, martxoak 12, osteguna.
-Azkoitia. Azkoitiko AEKn, Lujanen eta Hizki papertegian.
-Azpeitia. Ikasberri Ikastolan, Elikagunean, Orkatzen, Baigeran eta Soreasuko Elkargunean.
-Orio. Orioko Herri Ikastolan eta Karkararen bulegoan.
-Zarautz. Salbatore Mitxelena Ikastolan, Orokieta Ikastetxean, Oteitza Ikastolan, Zarauzko AEKn, Errigora Gunean, Lakarin eta Eguzki tabernan.
-Zestoa. Zestoako AEKn.
-Zumaia. Zumaiako AEKn eta Errigora Gunean.
-Internetez. Eskaera Internetez egiteko aukera ere badago errigora.eus atarian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide