Euskaraldiaren bigarren edizioa gertuago, eskualdeko herrietan

Urola Kostako Hitza 2020ko martxoaren 11

Herenegun egin zuten lehen bilera Zestoan, eta euskararen erabilerari "astindu berri bat" emateko prest dira herritarrak. Zumaian, bihar egingo dute lehen bilera, 18:30ean, udaletxean.

Ahobizi-ek eta belarriprest-ek Euskal Herriko karrikak hartuko dituzte bigarren urtez jarraian datorren udazkenean. Azaroaren 20tik abenduaren 5era egingo da II. Euskaraldia, euskaraz «gehiago, gehiagorekin, gehiagotan» egiteko helburuarekin, eta dagoeneko Urola Kostako hainbat herri bigarren edizioa prestatzen ari dira.

Zestoan, herenegun egin zuten Euskaraldia antolatzeko lehen bilera, eta datozen hilabeteetan buru-belarri murgilduko dira egitasmoaren antolaketan. Horretarako, lantalde berri bat jarri dutela abian azaldu dute antolatzaileek: "Euskarari eta euskararen erabilerari astindu berri bat eman nahi diegu, gure erara. Aurten, biziagotu eta hobetu egin nahi ditugu gure ahobizi eta belarriprest rolak. Hori da gure buruari jarri diogun erronka", azaldu dute. Hurrengo hitzordua hilaren 22rako jarri dute, eta bileran parte hartu nahi duten herritarrek zestoakoeuskaraldia@gmail.com helbidera idatz dezakete.

Zumaian, berriz, bihar egingo dute Euskaraldia martxan jartzeko lehen bilera. 18:30ean hasiko da saioa, udaletxeko areto nagusian. Bertan, Euskaraldiaren dinamizatzaileak, udal teknikariak zein ordezkariak eta herriko hainbat eragiletako kideak bilduko dira, baina herritar orok izango du bilerara agertzeko aukera.

Beste herrietan, abian
Eskualdeko beste zenbait herritan dagoeneko egin dituzte egitasmoa martxan jartzeko lehen bilerak. Azpeitian, adibidez, otsailaren 5ean bildu ziren lehen aldiz, eta Euskaraldiaren gakoak nahiz herri batzordeak izango dituen eginkizunak zehaztu zituzten bertan. Udalak Imanol Amiano izendatu zuen Euskaraldiarekin lotutako egitasmoak koordinatzeko arduradun.

Aian eta Orion, berriz, 2019. urte bukaeran ekin zioten Euskaraldirako lantaldea sortzeari; Egoitz Dorronsoro da bi herri horietako Euskaraldiko koordinatzailea. Orion, gainera, urtarrilaren 23an, Eta gazteok zer? izeneko saioan, herriko gazteak bildu ziren Euskaraldiaren harira. Bertan, euskararen erabilera nahiz hizkuntza ohiturak izan zituzten hizpide, besteak beste.

Zarautzen, berriz, azken bi asteetan Euskaraldiaren inguruko informazio saioak egin dituzte hainbat elkarterekin eta enpresarekin, eta saio horietara joan ziren taldeen jarduna "gertutik jarraitzen" ari direla zehaztu dute antolatzaileek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide