Larunbatean korrituko den Zumaiako XII. Sariak emango dio hasiera afizionatu mailako Hego Euskal Herriko errepideko denboraldiari. Eliteko eta 23 urtez azpiko txirrindulariak joango dira Zumaiara, Euskal Herrikoez gain, baita Espainiakoak ere. Irteera puntuan 200 parte hartzaile inguru izango direla aurreikusten dute Zumaiako Txirrindulari Elkarteko antolatzaileek.
10:00etan aterako da tropela Zumaiako hirigunetik. Karrerak bere esentzia ez du galdu eta denboraldiko beste lehietan gutxitan gertatzen den bezala, esprinterrek aukera garbi garbia dute garaipena lortzeko. Aurreko 11 edizioetan, behintzat, beti esprintean erabaki da garailea. Ibilbideak 122,5km ditu. Saihesbidetik hiru itzuli eman ondoren, sei zakila bira egingo dituzte: Zumaia, Bedua, Oikia, Muniosoro, Aizarnazabal, Iraeta, Arroa, Narrondo eta Zumaia. Kilometro horiek osatuta, Axular etorbidean erabakiko da lasterketa.
Afizionatuetako euskal txirrindularirik onenak bertan izango dira. Tropela asko aldatu da, asko pasa baitira profesionaletara; Kern Pharma eta Caja Rural-Seguros RGA izan dira gorantzako atea afizionatuei gehien ireki dieten taldeak. Ondorioz, Lizarte eta Caja Rural afizionatuek oso talde gazteak dituzte. Pelotoiko talderik zaharrena ere, Baque, Zumaian izango da, 42. denboraldiari hasiera emanez; Euskaltel Euskadiren filiala ere, Laboral Kutxa, parte hartzaileen artean izango da; bailarakoa den Eulen taldeak ez du huts egingo, ezta Eibar-Debabarrenak, Telcomek, Aiarabikek, Iza-Maestrek, EiserKirumetek, Zabalgarbik eta Hostal Latorrek ere.
Aurten zumaiarrik ez
200 txirrindulari inguru espero dira irteeran eta ia guztiek lortuko dute amaierako helmuga pankarta zeharkatzea. Aurten ez da zumaiarrik izango parte hartzen.
Zumaiako Txirrindulari Elkarteak igandeko lasterketan omenaldi xumea egingo dio Jon Agirreri, bertan txirrindularitzan lehen urratsak eman eta profesionaletaraino heldu delako; Kern Pharma taldearekin debutatu du jada. Bera izango da protagonista igandeko sari banaketa ekitaldian.