98 neurriz osatutako etorkizuneko plana aurkeztu du Udal Gobernuak

Juan Luis Romatet 2020ko otsailaren 26a

Zumaia «bizitzeko moduko herria» izan dadin egingo dutela lan azaldu zuten gobernukideek pasa den astean Alondegian egindako aurkezpen ekitaldian.

Datozen urteetarako prestatutako gobernu plana aurkeztu zuen Zumaiako Udal Gobernuak pasa den ostegunean, Alondegiko Oxford aretoan. 98 neurrik osatzen dute plana, eta aurkezpenean dokumentua osatzen duten ardatzak azaldu zituzten (bizitzekoda.zumaia.eus webgunean ikus daiteke plana osorik).

Plana osatzearekin batera, horren adierazle izango den marka ere sortu nahi izan du gobernuak: "Askotan esan izan dugu gobernura iritsi aurretik, eta gobernuan gaudenetik, lan egingo dugula Zumaia bizitzeko moduko herria izan dadin. Hori guztia bildu nahi izan dugu gobernantza marka honetan", azaldu zuten ekitaldi hasieran. Herritarren bizi baldintzak hobetzeko naurriak hartuko dituztela azpimarratu zuten, baita Zumaia "herri bizia" izateko lana egingo dutela ere, besteak beste, kultura arloan zein hezkuntzan; beraien esanetan, guzti hori "egiteko moduari" emango diote garrantzia.

LURRALDE ANTOLAMENDUA

Lurralde antolamenduari dagokionez, nabarmendu zuten ekimen garrantzitsuena Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) osatzea izango dela. Ondokoak jaso dituzte planean: Kirol portuko, Artadiko eta Oikiako saneamendu lanekin jarraitzea, Santiago hondartzako zerbitzuetako eraikina egitea, Erkibe eraikinaren eta Kofradiaren etorkizuneko erabilera erabakitzea, eta udal lokalen zerrenda eguneratzea –herriko elkarteen arabera erabilera banatzeko–.

IRISGARRITASUNA

Irisgarritasunaren eta mugikortasunaren arloan, Estazio auzoan tren geltokirako bidean hobekuntzak egitea, eta espaloiak zabaltzea jaso dute. Larretxon, "bizilagunekin" auzoko irisgarritasun plana diseinatzekotan dira, eta San Joseko etxebizitzetan igogailuak jartzeko azterketak egitea planteatu dute. Hirigunea eta Oikia lotuko dituen bidegorria egitea ere badago planean.

ETXEBIZITZA

Etxebizitza politika izango da Udal Gobernuaren ardatzetako bat datozen urteetara begira. Etxe hutsen egoera aztertzeko diagnostikoa egingo dutela aurreratu dute. Etxebizitza bulego bat sortzea ere aurreikusi dute, eta erabilera turistikoko alokairua arautzeko ordenantza bat prestatzearen alde agertu dira. Etxabeak eta lokalak etxebizitza bihurtzeko araudia eguneratuko dutela ere azaldu zuten aurkezpen ekitaldian. Torreagan etxebizitza babestuen promozioa eraikitzea aurreikusten dute planean, baita Puntanoetan alokairuko eta babestutako etxebizitza promozio berri bat eraikitzeko prozesua "desataskatzea" ere. Alokairua sustatzeko "apustua" egingo dutela ere nabarmendu zuen Udal Gobernuak.

LAN ETA GARAPEN ARLOA

Lan eta tokiko garapen arloan, coworking edo elkarlan zentroa sortzeko asmoa dute, baita merkatari txikientzako laguntzak aztertzekoa ere. Lehen sektorea bultzatzeko, berriz, azoka biziberritzeko aukerak aztertu nahi dituzte .

GIZARTE POLITIKA

Gizarte politikei berebiziko garrantzia eman diete. Zentzu horretan, gizarte larrialdietarako apartamentu berriak jartzeko eraikin egokiak bilatuko dituztela aurreratu dute. Apustu etxeak arautzeko ordenantza bat prestatzeko asmoa ere badute, "egungo problematikari aurre egiteko". Zahartzaro duina sustatu asmoz, pobrezia arriskuan dauden pentsiodunentzat dirulaguntzak jasotzeko aukera berriak sortzea iradoki dute, baita nagusientzako eguneko arreta zerbitzu berri bat sortzea ere, menpekotasun arriskua edota menpekotasun maila baxua duten nagusientzat.

HEZKUNTZA

Hezkuntzari dagokionez, haurreskola berria eraikitzea jaso dute planean, "Arrangoletako behin behineko egoerarekin amaitzeko". Ludoteka kanpoan aterpe bat egin nahi dute, eta, "Herri Eskolako gurasoekin batera", ikastetxe horretako sukalde eta jantokia berritzeko beharrezko pausoak emateko asmoa dute. Oikiako eskolan, berriz, patio berria egitea jaso dute planean, "auzotarren eskaerak aintzat hartuta".

KIROLA ETA KULTURA

Mojaxarren komentua eraberritu eta bertan kulturgunea jartzea da Udal Gobernuaren apustuetako bat. Aita Mari zinema aretoan berrikuntzak egingo dituztela ere iragarri dute. Batetik, jabetza eskuratu nahi du udalak, eta eserlekuak, aireztapena eta irisgarritasuna behar bezala egokitu. Kirol ekipamenduei dagokionean, planean jaso dute Lubaki kiroldegiko igerilekua handitzea, ikastaroetarako gela berriak ateratzea eta kantxaren egoera hobetzea. Turismo arloan, berriz, asmoa dute Moilaberriko tren estazio zaharrean kokatzeko turismo bulegoa eta Zumaiako Industria-ondarearen Informazio Zentroaren museoa.

FEMINISMOA

Feminismoa izango da agintaldiko beste ardatzetako bat. Emakumeen* Etxea martxan jarri nahi dute, horretarako lokal "aproposena" egokituta. Sexu jazarpenari aurre egiteko udal protokoloa lantzea ere aztertzen ari dira. Horrez gain, emakumeek Zumaiako historian izan duten papera ikusaratzeko ikerketa beka lerroa ere sartu dute datozen urteetarako aurreikuspenetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide