Euskara izango da hizpide gaur hasi eta martxoaren erdi aldera bitartean Zumaian. Udaleko Euskara Zerbitzuak Euskara, bestela ez garahitzaldi zikloa antolatu du bederatzigarren urtez. 2002an jarri zuten abian zikloa, eta urtero bezala, ahalegina egin dute egitasmoa herrira begira jartzeko. Horregatik, lau hitzaldietatik bik Zumaia izango dute ardatz. Solasaldi guztiak Alondegiko Oxford aretoan izango dira, 18:30ean.
Gaur bertan izango da lehen saioa. Maddi Sarasua bertsolari gazteak Euskara klase perspektibatik izenburua duen hitzaldia eskainiko du. Soziolinguistika Klusterrak egindako ikerketen emaitzetan, errentaren eta hizkuntzaren arteko lotura egiten du Sarasuak. Gaurko hitzaldiaren inguruan udalak adierazi duenez, datuei begira, "euskararekin lotuen dagoen giza taldea klase ertaina" dela ondoriozta daiteke. "Bestalde, erdara hutsezko hezkuntza eredu publikoetako haurren profilek, edota orokorrean euskararen erabilera datuek, adierazten digute euskarak kapa proletarizatuenengana iristeko duen zailtasuna. Kezka horiek euskara eta euskalgintza klase perspektibatik hausnartzeko saiakera izango da saioa, euskararen biziberritzeari dagozkion galdera eta pista berri batzuk ireki asmoz", erantsi du erakundeak.
Nazioarteko ikuspegia
Datozen hiru asteazkenetan egingo dituzte hurrengo saioak. Otsailaren 26an, Joseba Zulaika filosofo eta antropologoa izango da Zumaian. Ibilbide profesionala Nevadan– Renoko unibertsitatean– egin du hark, eta nazioarteko ikuspegi hori jorratuko du. Ingelesez? Gazteleraz? Euskaraz? Ikasle edo idazle baten aukerak eta dilemak izenburua duen hitzaldia emango du. "Informazioan, hizkuntzan nahiz kulturan globalizazioa nagusitu den honetan, ikasle edo idazle batek oinarrizko lehen erabakia hartu behar du: zein hizkuntza aukeratu ikasketak egiterakoan edo bere liburua idazterakoan", diote antolatzaileek.
Zumaiako euskara
Martxoko bi hitzaldiek Zumaia izango dute ardatz. Martxoaren 4an, Euskara Zumaian 1766- 1966: historia pixka bat, istorio batzuk hitzaldia eskainiko du Imanol Azkuek. Udalaren beka bati esker, berrehun urteko tartean euskarak Zumaian izan dituen gorabeherak aztertzen aritu da zumaiarra. Azkenik, Zumaian egindako ikerketa baten berri emango dute martxoaren 11n. Jone Miren Hernandez eta Josu Ozaita gizarte antropologo eta ikertzaileek Soziolinguistika Klusterraren eskutik egindako lanaren emaitzak azalduko dituzte: Zumaiako gazteak euskararen eszenatokian. Irudiak, diskurtsoak eta bizipenak da haren izena.