Piztu itxaropena lelopean, XVI. Euskal Karabana bidaliko dute datozen asteetan Tindufeko errefuxiatuen kanpalekura, eta tartean, Zumaiako Darahli eta Zestoako Wadna elkarteek bildutako janaria bidaliko dute. Izan ere, janaria jasotzen jardun ziren bi elkarteak joan zen urtarrilaren amaieran. Azkoitian, Eroski hipermerkatuan bildu zuten janaria, eta Zestoan, udaletxe azpian egokitu zuten horretarako postu bat eta janaria jasotzen ibili ziren herrioko dendetan eta auzoetako eta herriguneko eskoletan. Zumaian, aldiz, aste barruan herriko ikastetxeetan eta asteburuan BM eta Eroski supermerkatuetan bildu zituzten errefuxiatuentzako janaria eta bestelako produktuak.
Eskualdeko herri horietan jasotako produktuak Donostiara eraman dituzte, eta handik, datozen asteetan Tindufeko errefuxiatuen kanpalekura eramango dituzte gainontzeko herrietako produktuekin batera. Zumaian atunarekin, pastarekin, lekaleekin eta bestelako produktuekin osatutako 170 kaxa bildu dituzte; guztira, 2.200 kilo elikagai eta konpresaz beteriko hamaika kaxa. Azkoitian eta Zestoan, berriz, 3.700 kilo elikagai eta konpresaz beteriko 20 kaxa bildu dituzte XVI. Euskal Karabanarako.
Darahli eta Wadna elkarteko arduradunek adierazi dutenez, "erantzun bikaina" izan du aurtengo kanpainak hiru herri horietan, eta eskerrak eman dizkiete herriko supermerkatuei, ikastetxeei eta boluntario lanetan ibili diren herritar guztiei.