Portugalen bikain aritu dira Viveros San Anton-Mardu taldeko ziklistak

Baleike 2020ko otsailaren 14a

Kimetz Etxabek eta Aitor Agirrek podiuma zapaldu dute Portugalen. Ziklo kros eta pistako denboraldiak amaituta, errepideari begira dira orain.

Errepideko denboraldia hastear da, baina pistakoa oraindik ez da amaitu Zumaiako Txirrindulari Elkarteko kide batzuentzat. Kimetz Etxabe eta Aitor Agirre Viveros San Anton-Marduko ziklistek podiuma zapaldu dute Gipuzkoako pistako selekzioarekin Portugalen lehiatu dituzten proba ezberdinetan.

Etxabe izan zen lehiatzen lehena: Omnium proba irabazi zuen. Proba hori osatzen duten lau lasterketatik bi irabazi zituen, hain zuzen ere, Etxabek: tempoa eta puntuaketa. Bigarren postuan amaitu zuen kanporaketa, eta zazpigarrenean scratcha. Guztien batura eginda lortu zuen Etxabek garaipena.

Hamabost egunen buruan, pareko ibili da Aitor Agirre ere Portugalen. Nazioarteko lasterketan korritu zuen Agirrek, eta gai izan zen Europan maila ematen ari diren bi belgikar mendean hartzeko. Omniumeko lehen jardunaldian seigarren egin zuen Agirrek, eta biharamunean, omniumeko lasterketa gogorra oraindik gorputzean senti zezakeen arren, hirugarren egin zuen scratcha. Puntuaketa irabazi egin zuen, eta beraz, Agirre da Portugalen bi belgikar menderatu ahal izan dituen txirrindulari bakarra.

Espainiako Kopan hartuko du orain parte Etxabek, Euskadiko selekzioarekin. Horrez gain, Espainiako txapelketak prestatuko ditu txirrindulari zumaiarrak.

Errepideari begira
Bestelakoan, Zumaiako txirrindulari taldea errepideari begira jarria da ziklo kros eta pistako denboraldiak bukatuta. Juniorrek errepideko denboraldia hilaren 23an estreinatuko dute Eibarren. Kadeteen txanda hilaren 29an izango da; Donostiako Ibaeta auzoan emango dituzte lehen pedalkadak.

Egun horretan bertan, otsailaren 29an, larunbata, Zumaiako Txirrindulari Elkarteak antolatuta, afizionatu mailako Zumaia saria jokatuko da. Hala, hasiera emango diote hegoaldean afizionatu mailako denboraldiari.

Jubenilen harrobi oparoa, Urola bailaran zehar
Azpeitiko Lagun Onak txirrindulari elkartean ere punta puntako kirolariak dituzte: Ekain Arrejista, Jagoba Uranga eta Jon Ugutz Chapartegui ari dira lehian jubenilen mailan. Horrez gain, eskualdeko zazpi kadetek hartzen dute parte Lagun Onak taldean, Azkoitia, Azpeitia, Beizama eta Zestoakoak.

Azkoitiko Peña Elorza taldean, berriz, benjamin, kimu eta infantil mailako kideak dituzte. Guztira, 30 txirrindulari dira taldean. Kadete eta infantil mailetara iristean, Azpeitira joaten dira txirrindulariak, Lagun Onak klubera.

Zarauztarra Txirrindulari Kirol Elkartean jubenil mailako txirrindulariak aritu izan diren arren, aurten ez dute lortu jubenil mailako talderik osatzea. Infantil mailako taldea, aldiz, osatu dute Zarauzko elkartean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide