Landaola sari bana jaso dute Azpeitiko Udalak, Beizamako Aleka proiektuak eta Jaime Zubiak

Urola Kostako Hitza 2020ko otsailaren 7a

Gaur banatu dituzte, Aretxabaletan, Gipuzkoako landa garapen elkarteen federazioak ematen dituen sariak. Eskualdeko bi hautagai zeuden sarien hirugarren edizio honetan, eta biek jaso dute saria: erakunde publikoek sustatutako proiektuena Azpeitiko Udalak, Aratzarrekako ur araztegi naturalarengatik; eta erakuden pribatuen arlokoa Beizaman dagoen hazi ekologikoen proiektuak. Gainera, Zubia zumaiarraren ibilbidea ere saritu dute.

Bitik bi. Urola Kostako bi proiektu aurkeztu ditu aurten ere Urkome landa garapenerako agentziak Landaola sarietara, eta biak izan dira sarituak. Hirugarren aldiz antolatu ditu aurtengoarekin Landaola Gipuzkoako landa garapen elkarteen federazioak Landaola sariak. Gaur eguerdian banatu dituzte sariok, Aretxabaletako (Gipuzkoa) Otalora jauregian egin duten ekitaldian. Lau sari eman ditu aurten ere Landaolak: erakunde publikoek sustatutako proiektuena, erakunde pribatuek sustatutako proiektuena, emakumeek landa eremuan egindako lana aitortzen duena, eta urteetako ibilbideari eskainitakoa. Lehendabiziko bi ataletako sariak dira eskualdeko hautagaiek jaso dituztenak. Azpeitiko Udalarentzat izan da erakunde publikoen saria, Aratzerrekako ur araztegi naturalaren proiektuarengatik. Erakunde pribatuen proiektuaren saria, berriz, Beizamara joan da, hango Aleka hazi ekologikoen elkartearentzat, hain zuzen ere; Alekako kide Miguel Arribas elkarrizketatu zuen UROLA KOSTAKO HITZAk duela urtebete. Gipuzkoako eskualdeetako sei landa garapen agentziek hautagai bana proposatzen dute bi arlo horietako bakoitzerako, eta Urkome Urola Kostako agentziak proposatutako biak saritu dituzte aurten. Iaz, Errezilgo Ibarbi elkarteak jaso zuen erakunde pribatuen Landaola saria.

Baina Landaolak urteetako ibilbidea aitortzeko ematen duen saria ere Urola Kostara etorri da, Jaime Zubia zumaiarraren eskuetara. Besteak beste, Zabalegi baserritarren eskolan irakasle eta arduradun izandakoa da Zubia, eta Gipuzkoako Foru Aldundian ere aritu zen, bi agintalditan: Nekazaritza eta Arrantza diputatu izan zen 1987tik 1991ra, eta Nekazaritza eta Landa Garapeneko zuzendari, berriz, 1999tik 2003ra.

Emakume Baserritarren Elkartea (EBEL) izan da gaurko ekitaldian saria jaso duen bestea, eta sari hori jaso dutenen artean zegoen Begoña Galarraga errezildarra..

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide