Palindromoen liburu bat atera duzue. Nola sortu zen ideia?
Itziar Aranburu: Urte batzuk generamatzan zertxobait idazten. Palindromoek badute izaera bat; simetrikoak dira. Ikusi genuen animalien izenek buelta emateko aukera ematen zutela. Berezia zela jabetu ginen, eta horrela hasi ginen, jolas moduan. Hitz askori eman dakioke buelta, baina beste askori ez. Animalien kasuan oso garbia zen.
Irudiekin jantzi duzue liburua.
I.A.: Izaki bizidunak izanda, haien irudia bilatzen hasi ginen. Aukera bat zen irudi simetrikoak egitea, palindromoaren eta kapikuaren ideia hori errepikatzeko. Baina beste bide bat hartu genuen, eta letretan bertan animalien figurak aurkitzeari ekin genion. Aker hitzean, adibidez, a, k, e edo r hizkietan aurkitu behar genuen animaliaren figura hori. Gero, hitzen artean sortzen den lotura edo harreman horri hiztegi forma ematea erabaki genuen, animalia horiek literaturan, mitologian eta beraien onomatopeietan dituzten oihartzunean oinarrituta. Zentzu horretan, bilduma puntu bat ere badu lanak.
Zenbat palindromo eta irudi bildu dituzue?
I.A.: Animaliekin egindako palindromoak 101 dira. Tartean, esaldi palindromoak ere sartu ditugu. Liburuaren formatuarekin beere jolastu duzue.
Jon Ander Garcia: Bitxikeria bat da, liburua bera palindromoa delako. Aurretik eta atzetik azal berdina du. Sarrerako atalak errepikatzen dira: hasieran seme-alabei eskainita dago, eta bukaeran, gurasoei. Aurkibidea, berriz, hasieran a hizkitik z-ra du, eta beste aldean z-tik a-ra.
Erraza egin al zaizue hitzekin jokatzea?
J.A.G.: Esan daiteke lau hitz mota daudela. Hitzak beraiek palindromoak direnak: ama, aisia, zurrumurruz. Horrez gain, badaude bi hitz bata bestearen aurrean jarrita palindromoa osatzen dutenak: nekez-zeken, erru-urre, oilo-olio. Hirugarren hitz batzuek, berriz, laguntzaile moduan funtzionatzen dute. Eta laugarrenak dira ezinezkoak direnak!
Liburua euskaraz da.
I.A.: Begiratu genuen ea animalien kontu honek euskaraz bakarrik funtzionatzen al zuen. Agian, abiapuntu bezala hartuta, beste bertsio bat egin daiteke beste hizkuntza batean, baina garbi dago ezin dela itzuli. Ez palindromoetan, ezta marrazkietan ere. Oilo bat marrazteko o hizkia erabili dugu adibidez, baina gallina hitzak ez du o-rik, beraz marrazki horrek ez luke balioko. Gero, bestalde, euskara da gure hizkuntza naturala, eta beraz, euskaratik sortu dugu liburua euskararako.
Denbora asko al daramazue palindromoekin lanean?
J.A.G.: Aspalditik genuen interesa. Irudietan palindromoak aurkitzen saiatu ginen. 2001. urtean egin genuen obra batek Palindromo izena zuen; sakelako bi telefonorekin kakalardo bat irudikatu genuen.
I.A.: Konturatu gara duela hogei urteko instalazio batzuetan ere horrekin jokatzen genuela. Ura edo kristala erabiltzen genuen, atzeko aldean testuak jartzen genituen eta elementu horiekin testu horiei bira ematen zitzaien. Garai hartan horrekin jokatzen genuen, gu kontziente izan gabe, ordea.
Liburua kaleratuta, proiektua dagoeneko amaitutzat eman al duzue?
J.A.G.: Proiektua ixten joan gara. Pamiela argitaletxearekin hitz egin eta datak jarri genituen, eta hor ikusi genuen bukatu beharra genuela.
I.A.: Data kapikuaren inguruan proiektua martxan jartzea polita zela ikus genuen [2020ko otsailaren 2a egun kapikua da mundu mailan: 20200202]. Baina bukatu... uste dut honekin jarraitu dezakegula; oraindik buelta asko eman daitezke. Adibidez, ahots mailan. Gure webgunetan –bigara.info eta abereba.eus– badugu esperimentatzen jarraitzeko asmoa. Horretarako abiapuntu bat izan daiteke lan hau.
Zuen obraren barruan, non edo nola kokatzen da liburu hau?
J.A.G.: Sekula ez dugu izan jarraitasun bat gure obran. Eskultura, performanceak, argazkiak... Denetarik egin dugu, eta hala egiten jarraitzen dugu. Nahi duguna azaltzeko egokiena den forma aukeratzen dugu. Une batean, liburu bat izan daiteke, beste batean, instalazio bat.
I.A.: Batez ere idaztearen aldetik egon daiteke aldea. Sortzeko sistema, agian, antzerakoa da beti, baina hitzak erabiltzea irisgarriagoa iruditu zait; hitzak barrenean daramazkigu beti; onerako eta txarrerako. Sormen hau ez dugu abiatu esanahi bat aurkitu nahiagatik; esanahia atzetik etorri da. Liburu honetan abereak erabili ditugu, eta abereak etxekotutako animaliak dira. Esan daiteke lanaren bidez hizkuntza etxekotu nahi izan dugula.
Liburuarekin lotuta, erakusketa bat duzue San Telmo museoan, otsailaren 29ra arte.
J.A.G.: 11 abere kapikua izena du erakusketak. Liburua bukatzen ari ginela museoarekin harremanetan jarri ginen, eta interesgarria iruditu zitzaien bertako erakusketa iraunkorrari bizitasun bat ematea. Liburuko 11 animalien egurrezko figurak sortu ditugu, eta erakusketa iraunkorrean tartekatu. Joko bat proposatzen diegu gerturatzen direnei. Leku jakin batzuetan egurrean erretako palindromoa, animaliaren irudia eta zenbaki bat daude. Irudi bakoitza letra batetik eratorrita dago, eta jendeak topatu behar du zer letra den. Hizki hori orritxo batean apuntatu behar dute zenbakien ordenean, eta esaldi palindromo labur bat agertuko zaie hor. Asmatzen dutenen artean, 11 liburu zozkatuko ditu museoak.