6 urte arterako haurren gurasoei zuzendutako bizipen tailerrak antolatu dituzte Zumaiako Udaleko Gizarte Zerbitzuek. Lehen saioa larunbat honetan izango da, eta izena emateko epea bihar itxiko dute.
Jon Urdineta eta Itziar Rosado psikomotrizistek gidatuko dituzte Guraso Eskola horiek. Saioak otsailaren 8an eta 15ean egingo dituzte, biak euskaraz. Bigarren talde bat osatzen bada, berriz, gaztelaniaz izango dira saioak, martxoaren 14an eta 28an.
Zumaiako Udaleko Gizarte Zerbitzuek antolatu dituzte saioak, eta aurtengoan 0-6 urte bitarteko haurren gurasoen bizipenei helduko diete. Bi erreferente dauden kasuan, biek parte hartzea komeni dela nabarmendu dute saioen antolatzaileek.
Oraindik tokia dago tailerrean, eta interesa dutenek aukera dute izena emateko, bihar arte. Horretarako Brankan eman beharko dute izena (Gizarte Zerbitzuak, Aizkorri 4). Matrikulak 20 euro balio ditu eta honako kontu korronte zenbakian sartu beharko da dirua: Kutxabank ES28 2095 5174 90 1060024873.
Lehen saioa larunbatean
Larunbatean egingo dute lehen saioa, 10:00-13:00 artean, eta ondoko gaiak landuko dira: haurrarekiko dagoen ulermena; amorrua eta haserrea; frustrazioa eta ezetza; konfiantza eta anbibalentzia; tonua eta begirada; eta autoerregulazioa eta autokontrola. Astebete geroago, otsailaren 15ean, ordu berean egingo da bigarren saioa. Bertan aztertuko dute, besteak beste, zer den guraso izatea; guraso izate hori gustura egiten den eta zertan hobetu daitekeen; zerbait berria probatu nahi den; edota haurrei zer transmititzen zaien.