Auzolan saioa egingo dute larunbatean Zumaiako hezeguneak ezagutzeko

Baleike 2020ko urtarrilaren 29a

Joxe Mari Korta industriagunean egingo dute lan, garbigunearen inguruan, 09:30etik aurrera. Urola Itsasadarraren berreskuratze lanen barruko proiektua da eta putzu natural bat egokituko dute.

Putzu natural bat egokitzeko auzolan saioa egingo dute Joxe Mari Korta industriagunean, larunbatean. Garbigunetik gertu izango da saioa, Soroberrieta putzuaren inguruan.

Zumaiako Udalak esan duenez, Urola Itsasadarraren kontserbazio eta berreskuratze planak, besteak beste, putzu bat sortzea aurreikusten du. "Erabilera publikoko lursail batean urgezako putzu natural bat sortzen ari dira, iragaztea eragotziko duen geruza batekin. Putzu horretako ur-geza baliagarria izango da hainbat bizidunentzat".

Lanak aurreratuta daude dagoeneko, baina ingurua egokitzeko auzolan saio bat egingo dute larunbatean herritarrekin elkarlanean. Putzuaren egokitze lanak egingo dituzte auzolan saioan eta, gainera, inguruan zuhaitzak landatuko dituzte.

Halako ekimenek ingurumena babesteko balio dutela nabarmendu dute udal ordezkariek, eta udalaren izenean, herritarrei dei egin diete auzolan saioan parte hartzeko.

Itsasadarraren babesa

Ingurunea lokaztuta egongo dela kontutan hartuta, arropa egokiarekin bertaratzea gomendatu dute. Auzolan saioa Aranzadi elkarteko kideek gidatuko dute.

Urola Itsasadarreko paduren kontserbazio eta berreskuratze planeko lanetako bat izango da larunbateko ekimena. Plan horren helburuak dira, hurrenez hurren, Zumaiako ingurumenaren kudeaketa ekintzak koordinatzea, sinergiak sortzea, Urolako itsasadarrean gako elementu gisa dauden habitatak berreskuratzea, bioaniztasuna indartzea eta egonkortzea, eta bertako naturari lotutako sentsibilizazioa handitzea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide