Egañak eta San Josek irabazi dute 3. mailako Zesta Punta Zirkuituko finala

Aiora Larrañaga 2020ko urtarrilaren 26a

Kadete mailako partida estua izan bazen ere, Bilbaok eta Ureta zumaiarrak ez zuten finala irabazterik lortu. Berdinketa hausteko saioan 5-4 emaitzarekin gailendu zitzaizkien Agirre eta Rodriguez.

Atzo arratsaldean jokatuko ziren gizonezkoen kadete mailako, 3. mailako eta Interjai kategoriako finalak Zumaiako Aitzuri pilotalekuan. 16:30ean hasi zen lehen norgehiagoka, kadete mailakoa. Bilbaok eta Ureta zumaiarrak Agirre eta Rodriguez izan zituzten aurkari. Partida estua izan zen, lehen bi saioetan 15-12 eta 6-15 emaitzekin partida berdindu baitzuten. Dena dela, berdinketa hausteko saioan Agirre eta Rodriguez gailendu ziren, 5-4 emaitzarekin.  

3. mailako finalean Urrestik eta Del Riok Egaña zumaiarraren eta San Joseren aurka jokatu zuten partida, eta Egaña eta San Josek irabazi zuten norgehiagoka 10-15 eta 4-15 emaitzekin.

Azkenik, Interjai kategoriako finalak jokatuko ziren. Laloo eta Manci Aaron eta Zuhaitzen aurka aritu ziren. Lehen bi saioak berdinduta bukatu zituzten, baina berdinketa hausteko txandan Laloo eta Manci nagusitu ziren, 5-3 emaitzarekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide