Zumaienako eta Herri Eskolako zenbait ikasle eta irakasle udaletxeko pleno aretoan bildu ziren atzo, Alex Oliden Zumaiako Udaleko Ingurumen zinegotziarekin batera. Hala, Gazte On programaren barruan egindako lanketa aurkeztu zuten bi ikastetxeetako ikasleek.
Ingurunearen eta ingurumenaren zaintzaren inguruko bi gai landu dituzte kartelen bidez. Txakurren gorotzek herrian sortzen dituzten arazoak jorratu dituzte, alde batetik. Era horretan, txakur jabeek beren txakurrengan duten ardura azpimarratu nahi izan dute ikasleek. Zure maskota, zure ardura edota Hain zaila al da txakur kakak jasotzea? bezalako mezuak helarazi dizkiete ikasleek txakurren jabeei. Ikasleek sortutako kartel guztien artean, bi hautatu ditu Zumaiako Udalak herriko kaleetan jartzeko.
Honakoak izan dira aukeratutako kartelen egileak: Herri Eskolako DBH 1. mailako Libe eta Izaro, alde batetik; eta Zumaiena ikastetxeko DBH 3 mailako Nerea, Ekhi eta Goiatz. Herriko hainbat txokotan jarriko dituzte aipatutako kartelak, txakur jabeak inguruaren zaintzaren garrantziaz ohartarazteko.
Itsasoa ere garbi
Bestetik, plastikoak itsasoan sortzen duen kaltea ere islatu nahi izan dute ikasleek. Itsasoan arrastorik ez bideoaren bitartez, hondartzak garbi mantentzera gonbidatu dituzte herritarrak. DBH 1 mailako ikasleek sortu dute ikus-entzunezkoa. Gazte On programa Zumaiako Udal Gobernuak 2018ko aurrekontuen barruan sortutako egitasmoa da. Helburua da Zumaiena eta Herri Eskola ikastetxeen eta Zumaiako Udalaren arteko elkarlanaren bidez, gazteak ingurumenarekin eta naturarekin sentsibilizatzea eta auzolanetan parte hartzea.
Aldi berean, gazte horiei beren helburuak eta ekimenak aurrera eramateko pizgarriak ere eskaini nahi dizkiete. Bestalde, programaren bidez, beren etorkizuna irudikatzeko laguntza ere eman nahi diete ikasleei. Kartel guztiak eta bideoa ikusgai daude Zumaiako Udalaren webgune ofizialean, zumaia.eus helbidean.