Kubati: "Bide politikoa oztopatu nahi dute honelako operazioekin"

Aritz Mutiozabal 2020ko urtarrilaren 22a

Antton Lopez, 'Kubati', eta beste hiru lagunen atxiloketei erantzunez, mobilizazioak egin dituzte gaur arratsaldean eskualdeko hainbat herritan, 'Bakea eta demokrazia. Erasorik ez!' leloa aldarri hartuta.

Antton Lopez, 'Kubati', pankartari eusten gaur iluntzeko Zarauzko elkarretaratzean (Aritz Mutiozabal)

Guardia Zibilak Antton Lopez, Kubati, atxilotu du gaur goizean bere etxean, Zarautzen. Kalera Kalera euskal presoen aldeko dinamikako bozeramailea da, eta beste hiru lagun ere atxilotu ditu poliziak: Oihana San Vicente Kalera Kalerako partaidea, eta Oihana Garmendia eta Haimar Altuna, Arabako Sortuko politika arduraduna eta Gipuzkoako Sortuko arduraduna, hurrenez hurren. «Terrorismoaren goratze» eta «biktimen umiliazio» delituak egozten dizkiete. Deklaratu ondoren, aske utzi ditu Guardia Zibilak. Kubatik Intxaurrondon deklaratu du.

Aske gelditu diren arren, iluntzean elkarretaratzeak egin dituzte hainbat herritan. Esaterako, Zarautzen. Kubati bera izan da protesta horretan, pankartari eusten. Amaieran, eskerrak eman ditu jasotako babesagatik, eta bere iritzia ere azaldu du: "Bide politikoa oztopatu nahi dute honelako operazioekin, argi dago hori". Era berean, zera esan du: "Gu gara oraindik bake hori lortzeko sufritzen ari garenak".

Azpeitian  eta Zumaian ere atera dira kalera atxiloketak salatu eta bakea eta demokrazia aldarrikatzera. Azpeitiko eta Zumaiako Sortuk deituta, elkarretaratzea egin zuten iluntzean bi herrietan, 19:00etan Azpeitiko plazan, eta 20:00etan Magnoliopean Bakea eta demokrazioa. Erasorik ez! lelopean.  

Azpeitiko Sortuk azpimarratu du gaurko atxiloketak ez direla "kasualitatez" gertatu, eta horren harira, egungo testuinguruan jarri du fokua: "Atxiloketek ez diote logika judizial bati jarraitzen. Atxiloketa hauek Euskal Herriko eta Kataluniako independentismoak sustatu duten egoera berriarekin erlazionatuta daude. Estatu Sakona dugu aurrean. Edozer egiteko prest dagoena". Horrez gain, mobilizazioaren deitzaileek salatu dute gaurko operazioa "ezker abertzaleak eta independentismoak ireki dezaketen "edozein aukera-leiho zapatuzteko saiakera" izan dela. "Independentismoak aukera-leiho bat zabal dadin lan egin du. Euskal Herriko eta Kataluniako gatazketan aurrera egitea ahalbidetu lezakeen agertoki berri baten alde jardun du". Horregatik, Sorturen hitzetan,  "ongietorriena aitzakia baino ez da". Horren karietara, Kataluniara begira jarri dira: "Katalunian xingola horiak erabili zituzten aitzakiatzat Generalitateko presidentea kargutik kentzeko. Modu beretsuan jokatu zuen Auzitegi Gorenak inbestidura saio zapuzteko".

Erasoen aurrean, "klase politikoari eta jendarteari" deia egin diete gatazkarentzat eta haren ondorioentzat soluzio politiko eta demokratikoak susta ditzaten". 

"Terrorismoa goratzea"

Ia ehun harrera ekitaldi antolatzea leporatzen diete lau atxilotuei eta laurak aske geratuko dira deklaratu ostean.

Espainiako Barne Ministerioak komunikatu baten bidez adierazi du «terrorismoaren goratze» eta «biktimen umiliazio» delituak egozten dizkietela, hiru urtetan zehar euskal presoen ehundik gora harrera ekitaldi antolatzeagatik. Ministerioaren arabera, lau atxilotuak harrera ekitaldien «benetako burua» osatzen dute eta, ustez, hainbat erakunde erabiltzen zituzten ekitaldien benetako antolatzaileak nor ziren ezkutatzeko. Harrerak hirugarren pertsona batzuek egiten zituztela adierazi du, baina atxilotutako "taldearen ildoa" jarraituz.

Kabat izena jarri diote operazioari, eta adierazi dute Guardia Zibila duela urte eta erdi hasi zela gaia ikertzen. Guardia Zibilaren arabera, 2016ko abenduaren eta 2019ko urriaren artean, 95 harrera egin dira Hego Euskal Herrian, "gehienak Kalera Kalera dinamikaren bitartez".

Protestarako deia gaur arratsalderako

Atxiloketak salatzeko elkarretaratzera deitu dute hainbat herritan, baita Zarautzen ere. 19:00etan, Lege Zaharren enparantzan, Bakea eta demokrazia. Erasorik ez! lelopean egingo dute protesta bertaratzen diren herritarrek.

Deialdiarekin bat egiten duela adierazi du sare sozialen bidez EH Bilduren udal taldeak.

2018an ere atxilotua

Guardia Zibilak 2018ko martxoaren 20an ere atxilotu zuen Kubati, Belen Gonzalezen agur ekitaldian "terrorismoa goratzea" leporatuta. Kalera Kalera dinamikako bozeramaile Oihana Garmendia, Nafarroako Sortuko arduradun Miren Zabaleta eta Olatz Dañobeitia ere atxilotu zituzten orduan.

 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide