Espainiako Poliziak 560 marihuana landare atzeman ditu Zumaiako industria pabilioi batean, eta droga trafiko delitua egotzita, bi lagun atxilotu ditu. Polizia iturriek adierazi dutenez, kalamu elkarte bateko kideak dira atxilotutako bi pertsonak.
Pabilioian, orotara, 23 kilo marihuana eta 666 gramo haxix atzeman dituela jakinarazi du Espainiako Poliziak. Gainera, marihuana "kopuru handiak" ekoizteko prestatuta zegoela ere adierazi du poliziak; izan ere, horien arabera, haizagailuak, ke erauzgailuak, termometroak eta beste hainbat tresna aurkitu dituzte.
2019ko azaroan hasi zuen ikerketa poliziak, eta aurreko astean, urtarrilaren 16an, sartu ziren pabilioira. Orduan atzeman zuten marihuana plantazioa, eta orduan atxilotu zituzten bi lagunak.