Zumaiak eta Oriok garaipen bana eskuratu dute batel ligako aurreneko jardunaldian

Onintza Lete Arrieta 2020ko urtarrilaren 12a

Guztira Urola Kostako 25 ontzi aritu ziren lehian atzo Donostian, Martutenen, eta oro har, emaitza txukunak lortu zituzten kategoria guztietan.

2020ko Gipuzkoako Batel Ligako aurreneko jardunaldiak zapore gozotik gehiago izan du gazitik baino. Zumaia eta Orio garaipen banarekin itzuli ziren atzo arratsaldean Donostiatik, eta Zarautz eta Getaria ere gogor lehiatu ziren. Guztira 25 ontzi uretaratu zituzten eskualdeko taldeek, eta hemen ikus daitezke emaitza guztiak.

Zumaiarrei dagokienez, kadete mutilak ibili ziren finen, garaipenarekin etxeratu baitziren. Erraz nagusitu ziren, hamalau segundoko aldea aterata bigarrenei. Zumaia D ontziak lortu zuen lehen postu hori. A ontzia bosgarrena izan zen, eta B ontzia zazpigarrena.

Infantil mutilek ere lan bikaina egin zuten, eta bi segundogatik ez zioten irabazi San Juani.

Promesa neskak ere ederki, hirugarren tokian sailkatuta Zumaia A taldea, San Juanen eta Tolosaldearen atzetik. Sei segundoko tartean helmugaratu ziren hiru ontziak. Zumaia B 11. izan zen.

Atzoko pena handiena, absolutuetan jubenil mutilak lehiatik kanporatu izana da. Antza, patroiak ez zuen txalekoa jantzi, eta hamasei urtera artekoek derrigorra dute hori. Patroi horrek hamalau urte dituenez, taldea kanporatu egin zuten.

Oriotarrak ere gustura egoteko moduan dira. Jubenil neskek garaipena lortu zuten Martutenen egindako estropadan, Tolosaldeari ozta-ozta irabazita izan bazen ere.

Gainerako taldeak ere aurrealdean ibili ziren nor bere kategorian. Absolutuetan senior gizonezkoak bigarren tokian sailkatu ziren; haur nesken A ontzia hirugarrenean (B ontzia azken postuan); infantil mutilen A taldea laugarrenean (B ontzia azken postuan); kadete mutilen A ontzia laugarrenean (B ontzia zazpigarren); jubenil mutilak bosgarren izan ziren; eta promesa neskak ere bosgarren izan ziren.

Zarauztarrak  senior gizonezkoetan aritu ziren finen. Hirugarren sailkatu ziren, Donostiarraren eta Orioren atzetik. Donostiarra erraz nagusitu zen, baina zarauztarrek esku-eskura izan zuten bigarren postua, bi segundo baino gutxiagoko aldearekin aurre hartu baitzieten oriotarrek.

Jubenil mutiletan ere txukun aritu ziren zarauztarrak. Laugarren helmugaratu zen estropada horretan A ontzia, eta bederatzigarren, berriz, B ontzia. Promesa nesketan, zortzigarren sailkatu ziren zarauztarrak, eta kadete mutiletan, hamabigarren.

Bi ontzi eraman zituzten getariarrek atzo Donostiara, biak neskenak. Sailkapenei begiratuta, getariarrak ibili ziren beharbada okerren. Jubeniletan bosgarren postuarekin konformatu behar izan zuten, eta promesetan, hamabigarrenarekin. Baina denboraldia hasi besterik ez da egin, eta asteak joan ahala ikusiko da ontzi bakoitzak zer eman dezakeen eta zer ez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide