Binakako txapelketako pilota partidak gaur eta etzi, Getarian eta Zumaian

Urola Kostako Hitza 2020ko urtarrilaren 10a

Gaur, Getarian, Artola-Imaz eta Laso-Albisu elkarren aurka arituko dira bikoteen arteko lehian. Zumaian, berriz, Olaizola II.a-Urrutikoetxea eta Bengoetxea VI.a-Mariezkurrena II.a igandean.

San Anton jaien bueltan, esku pilotako binakako txapelketako partida izango da gaur iluntzean Getarian. Artola-Imaz Laso-Albisuren aurka arituko da, eta hori izango da  jaialdiko partida nagusia. Aurrez, Peñak eta Arangurenek Alberdi eta Salaberriren aurka jokatuko dute bigarren mailako txapelketako norgehiagokan.

Sahatsaga pilotalekuan izango dira 22:00etan. Sarrerak salgai daude Getariako turismo bulegoan gaur 13:00ak arte, eta azken sarrerak pilotalekuan erosteko aukera egongo da partida hasi aurretik. Kantxako sarrerak 25 eurotan, harmailetakoak 20 eurotan eta azken lerroko izkinetan esertzeko aukera dago 10 euroren truke.

Iaz herritarrek izan zuten erantzun bikaina dela eta Gure Txeru elkarteak  aurten ere pilota partidak antolatzea erabaki du eta pilotalekua betetzea espero dute.

Zumaian ere partidak

Igandean, Olaizola II.a-Urrutikoetxea eta Bengoetxea VI.a-Mariezkurrena II.a bikoteek elkarren aurka jokatuko dute Zumaian, eskuz binakako txapelketako partidan. Aurreko partida, Agirre-Eskiroz eta Arteaga II.a-Urretabizkaia bikoteen arteko lehia izango da. Udalak 15 sarrera zozkatuko ditu gaur. Partidak Aitzuri pilotalekuan jokatuko dira, 17:00etan. Sarrerak sarean erosteko aukera dago 25-30 eurotan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide