Larunbatean egingo den presoen aldeko manifestaziorako autobusak antolatu dituzte eskualdeko hainbat herritan

Urola Kostako Hitza 2020ko urtarrilaren 7a

Euskal presoen eskubideen aldeko manifestazio nazionala egingo dute larunbatean, hilak 11, Bilbon. 17:00etan abiatuko da manifestazioa La Casillatik, eta eskualdeko hainbat herritan autobusak antolatu dituzte manifestaziora joateko.

Sarek eta Bake Bideak antolatuta Orain presoak, atera bidera lelopean euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa egingo dute larunbatean, hilak 11, Bilbon. 17:00etan abiatuko da manifestazioa La Casillatik, eta hara joateko autobusak antolatu dituzte eskualdeko hainbat herritan; Azkoititik, Azpeititik, Zumaiatik eta Zarauztik hainbat autobus aterako da larunbatean, eta oraindik ere eman daiteke izena herriko hainbat tabernatan. 

Aizarnazabalen, 15:00etan aterako da autobusa. Bertan joan nahi dutenek ez dute aurrez izena eman beharrik; ordurako plazara agertzea nahikoa da.

Azkoitian, Zakela, Zurt, Tta-kun eta Etxe Aitz tabernetan jarri dute autobusean izena emateko aukera, hamar euro ingururen truke. 15:30ean abiatuko da autobusa Bilbora Eroski txikiaren pareko autobus geltokitik.

Azpeitian, Orkatz eta Niza tabernetan eman daiteke autobuserako izena; soldatadunek hamar euro ordaindu beharko dute txartela, eta ikasleek eta langabetuek, bost euro. Autobusa anbulatorio aurreko geltokitik aterako da, 15:30ean.

Getarian, ere jarri dute manifestaziora joateko autobusa, eta Herritarte dendan eman beharko da izena.

Zarautzen, berriz, Eguzki eta Arrano tabernetan eman daiteke autobusetarako izena, eta hiru ordutegi desberdinetako autobusetan joateko aukera izango da: 10:30ean abiatu eta 23:00etan itzuli, 10:30ean abiatu eta 02:00etan itzuli edo 15:00etan abiatu eta 23:00etan itzuli. Antolatzaileek jakinarazi dutenez 02:00etan itzultzekoa den autobusa ez bada betetzen bertan behera geratuko da, eta egun osoko ordutegia duen autobusean sartuko dituzte han izena emandakoak.

Zestoan, 15:30ean abiatuko da autobusa, Gurutzetik. Ohiko tabernetan eman dezakete herritarrek autobuserako izena.

Zumaian, berriz, Metro eta Nikol tabernetan dago autobusean izena emateko aukera, eta 15:00etan aterako da autobusa Etxezarreta kaleko hortz klinika paretik.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide