Ia bi urtez, bizitza duinak aldarri

Maria Maya Manterola 2020ko urtarrilaren 7a

Otsailean bi urte beteko dira pentsio publikoen eta duinen aldeko borrokak eztanda egin zuenetik. Hilaren 30ean lanuzte orokorra izango da, Eskubide Sozialen Kartak deituta.

Bi urte igaro dira bizitzaren kostuak goranzko joera nabarmena izan arren, Espainiako Gobernuak pentsioak %0,25 igoko zituela iragarri zuenetik –legeak ezartzen duen gutxieneko kopurua, hain zuzen ere–. Jubilatuen eta pentsiodunen haserreak eztanda egin eta, ordutik, pentsio duin eta publikoen aldeko borrokak hartu ditu eskualdeko herri eta auzoetako plaza, kale eta aterpeak. Astero-astero bildu izan dira Azkoitian, Azpeitian, Getarian, Orion, Zarautzen, Zestoan eta Zumaian.

Iñaki Altzibar Zumaiako jubilatu eta pentsiodunen plataformako kideak Baleike aldizkarirako egindako adierazpenen arabera, "adar jotzea" izan zen Mariano Rajoy Espainiako presidente ohiaren gobernuak hartutako neurri hura. Uste du gerora mugimendu antolatu baten gisan gorpuztu zen horrek hasiera bitxia izan zuela: "Jendeari min eman zion, eta antolatuta egon ez arren, kalera irten zen pentsio publiko eta duinen alde borrokatzera".

Zumaian, esaterako, ehun lagun inguru elkartu izan dira astelehenero, eta 130 ere elkartu izan dira uda garaian. 2018ko apirilean EAJk eta PPk pentsioak KPI adina igotzea adostu ondoren, Altzibarrek gogogoratu du jendeak asteleheneroko hitzordura joateari utzi ziola. Igoera txikia izateaz gain –pentsioek 2,83 euroko igoera izan zuten bataz beste Hego Euskal Herrian–, pentsiodunek dituzten askotariko aldarrikapenen inguruan ohartarazi nahi izan dute ekintza hauen bidez.

Mozioak ere egon dira. Esaterako, bost puntu biltzen zituen mozioa aurkeztu zuen Zumaiako udaletxean jubilatuen eta pentsiodunen plataformak. Horien artean, 2010eko eta 2012ko lan erreformak ezabatzea eta 2011 eta 2013ko pentsioen inguruko lege batzuk kentzea aipatzen zituzten, iraunkortasun faktorearekin batera: "Bost urtetik behin azterketa bat egin ondoren ikusten badute adinaren piramidea gora doala, formula batzuk aplikatu eta pentsioak jaitsi nahi dituzte. Mehatxu bezala, hor dago", azaldu du Pello Enparan Zumaiako jubilatu eta pentsiodunen plataformako kideak.

Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Espainiako Gobernua dira, pentsiodunen arabera, beren "miseriaren" erantzuleak. Espainiako Gobernua da nagusia, Enparanen arabera, hark kudeatzen duelako Gizarte Segurantzako kutxa. "Beraiek atera zituzten 65 mila milioi euro bankari laguntzeko. Horiei eskatu diegu gutxienez KPI mantentzeko eta, horrez gain, Espainiako Konstituzioak dioen bezala –eta ni ez naiz konstituziozalea–, herritar guztiek izan behar dutela duin bizitzeko bermea. Hori aplika dezatela eskatzen diogu". Enparanek nabarmendu du 65 mila milioi horiek ordaintzeko Konstituzioa aldatu zutela, "ukitu ezin den Konstituzioa" horretarako ukituta.

Bittor Bengoa taldeko kidearen arabera, gazteek urrun ikusten dute pentsiodunen afera. Azpikontratazioen gorakada izan da, Altzibarren ustez, lan munduan egoerak okerrera egiteko gakoetako bat. "Lanean hasi ginenean ez zegoen langabeziarik, eta lana topatzea ez zen problema". Alderaezina da egoera, pentsiodunek diotenez: "Gazteak ginenean, normalean lana aurkitzen genuen, eta gainera, soldatak nahiko duinak ziren". Horrek, erretiro duina izatea dakar, Bengoaren hitzetan. "Borroka honen parte gara, uste dugulako hor egon behar dugula, borroka bultzatzen. Asko ez daude gure egoeran".

Grebara hilaren 30ean
Gabonetan ez da elkarretaratzerik egon eskualdean, baina datorren astetik aurrera berriz ekingo diete protestei. Urte hasiera honetan, gainera, badute helburu zehatza begibistan: urtarrilaren 30eko greba orokorra. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitu du grebara Lan-Pentsio-Bizitza Duina leloarekin.

Zestoan, bestetik, adinekoen mahaia osatzeko aurreneko bilerako hitzordua ere zehaztu dute: hilaren 15ean elkartuko dira udala eta hainbat eragile.

Zumaiako Udalak, berriz, herriko pentsiodunei hitz eman die bermatuko duela 1.080 euroko gutxieneko pentsioa izatea denek. Egoera hobetzeko "emergentziazko erantzuna" da, hala ere, pentsiodunen arabera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide