Urtarrilaren 30eko greba orokorraren harira, bilera irekiak egingo dituzte eskualdean

Urola Kostako Hitza 2019ko abenduaren 18a

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak lanuztera deitu du urtarrilaren 30erako, "pentsio eta bizitza duinak" aldarrikatzeko. Greba hori dela eta, bilera irekiak egingo dituzte Urola Kostako zenbait herritan.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak –ELA, LAB eta beste hainbat sindikatu eta gizarte talde biltzen dituen mugimenduak– antolatuta, greba orokorra izango da urtarrilaren 30ean, "pentsio eta bizitza duinak" aldarrikatzeko. Pentsiodunek "mobilizazio handi" batekin markatu nahi zuten beren mugimenduaren bigarren urteurrena, eta horren harira egingo dute lanuztea.

Eskaera zehatzak egingo dituzte grebarekin. Pentsioei dagokienez, pentsioak urtero automatikoki gutxienez KPI bezainbeste igotzeko eskatuko dute, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea, eta berrogei urtez kotizatu dutenek aldez aurretik erretiroa hartu ahal izatea pentsioan inolako zigorrik izan gabe. Lan merkatuari dagokionez, 2010. eta 2012. urteetako lan erreformak bertan behera uzteko eskatu dute, gutxieneko soldata 1.200 eurora igotzeko, eta genero arrakala desagertzeko soldatetan. Gainera, nahi dute bermatutako errenta (Nafarroan) eta diru sarrerak bermatzeko errenta (Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan) gutxieneko soldataren parekoa izatea.

Greba orokor horren harira, bilera irekiak egingo dituzte eskualdean:

Azkoitia. Ostiralean, abenduak 20, bilduko dira, 17:30ean, Elkargunean.

Azpeitia. Ostiralean, abenduak 20, bilduko dira, 17:30ean, Sindikatu Zaharrean.

Zestoa. Ostiralean, abenduak 20, bilduko dira, 17:30ean, Kultur Etxean.

Zumaia. Gaur, asteazkena, bilduko dira, 17:00etan, Oxforden.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide