Kauldi Odriozola eta Jon Azkue, Espainiako selekzioarekin

Juan Luis Romatet 2019ko abenduaren 18a

Polonian jokatuko den Lau Nazio txapelketa jokatzera deitu ditu Ribera hautatzaileak. Irungo Bidasoarekin denboraldi bikaina ari dira egiten.

Bidasoa taldean jokatzen duten Jon Azkue oriotarra eta Kauldi Odriozola zumaiarra Espainiako selekzioarekin ariko dira abenduaren amaieran, Polonian jokatuko den Lau Nazio eskubaloi txapelketan.

Espainiako hautatzaile Jordi Riberak bi jokalari hauek eta Bidasoako atezain Xoan Ledo deitu ditu. Krakovia hiritik hurbil dagoen Tarnow herrian jokatuko da txapelketa, eta Poloniak, Bielorrusiak, Arabiar Emirerri Batuek eta Espainiako selekzioak parte hartuko dute.

Txapelketa abenduaren 27an, 28an eta 29an jokatuko dute. Lehen jardunaldian, Espainiak Polonia izango du aurkari, bigarrengoan, Bielorrusia eta azken egunean, igandean, Arabiar Emirerri Batuak.

Denboraldi bikaina

Irungo Bidasoa denboraldi bikaina ari da egiten. Gaur egun, Asobal ligako sailkapenaren hirugarren postuan da taldea, Bartzelonaren eta Ademar Leonen atzetik. Aurtengo Asobal Kopako txapeldunordea ere bada Irungo eskubaloi taldea, igandean Bartzelonaren aurka jokatutako finala galdu ondoren.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide