Beñat Lizaso pozik eta Jon Maia penaz bertso finala baloratzerakoan

Onintza Lete Arrieta 2019ko abenduaren 15a

Oholtza, mahai buelta eta ariketa asko partekatuak dira Jon Maia zumaiarra eta Beñat Lizaso azpeitiarra. Aurreneko aldiz elkartu ziren, ordea, atzo, bertso final batean oholtza gainean. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako laugarren finala zuen zumaiarrak; aurrenekoa, berriz, azpeitiarrak. Ez zuen arratsalde ona izan Maiak, eta azken postuan, zortzigarrenean, amaitu zuen finala. Zazpigarren egin zuen Lizasok, baina emaitzarekin pozik agertu zen.

Izan ere, estreinakoz aritu zenak "gozatu" egin zuen emanaldiarekin, bakarkakoan gustura ibili ez arren. Beteranoak, berriz, eroso egin zuen lehen laurdena; ondoren, saioa "noiz bukatu zain" egon zen. Pena zuen finala amaitu berritan: "Ez dut nire onena ematerik izan".

Hona batak zein besteak hedabide honi egindako adierazpenak:

Jon Maia: "Ezustean harrapatu nau litxarrerien gaiak, eta hor saiotik atera egin naiz"

Jon Maia bertsolaria. (Gorka Zabaleta).

Ofizio batzuetan besteetan baino hobeto ibili zen Jon Maia atzo Ilunben jokatutako Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean. Utzi zuen hitz joko eta puntu aipagarririk; oro har, baina, ez zuen asmatu ideiak borobiltzerakoan, eta sailkapenaren behealderaino irrist egin zuen bere laugarren finalean.

Zein da zure aurreneko balorazioa gaur egindako lanaz?

Gaurko eguna ez da izan nik espero nuena. Ilusioarekin etorri naiz, txapelketa ondo bideratuta, asko gozatzen, saio politak eginda, eta jendearengan ere ikusi dut ilusio bat aurten nirekin: ikusi dute eman nezakeela finalean ere sorpresaren bat. Beraz, egin dudan saioarekin ez nago gustura, noski.

Zertan huts egin duzu?

Uste dut erdira arte, edo lehenengo laurdena, ondo egin dudala. Lasai nengoen, eta konfiantza neukan. Baina erdi parean kolpea hartu dut puntuari erantzuterakoan. Ezustean harrapatu nau gaiak, alegia, litxarreriei buruz kantatzeak, eta ez naiz gai izan behar bezala erantzuteko. Gezurra dirudi, beteranoa naizelako, baina hor saiotik atera egin naiz, asko eragin dit, eta ez naiz gai izan berriz trenari eusteko. Jada kanpoan nengoen, eta bakarkakora iritsi naizenerako, bukatzea nahi nuen.

Hor atzetik, besteen lana baloratzea posible da?

Oso zaila da. Gainera, aurrenekoa izatea egokitu zait, ez da edozein zenbaki, pixka bat berezia da. Izkina batean zaude, eta zuk kantatzen duzunetik denbora asko pasatzen den sentsazioa duzu, eta saioan zehar apur bat deskonektatu egiten duzu. Besteen lanaz nahiago dut iritzirik ez eman, ziurrenik ez nukeelako asmatuko. Oholtzatik ez dut pertzepzio zuzen bat eduki besteen lanaz hitz egiteko.

Penarekin gelditu zara.

Bai, eta sentitzen dut ilusioa piztu dudan inguruko guztiengatik, ezin izan dudalako nirea eman. Sentitzen dut txapelketa polita egin ostean horrela amaitzea; oso zapore gozoa nuen, eta orain pixka bat gazia gelditu zait. Baina ikasten ari naiz; azken batean, txapelketa eta bizitza horrela dira. Garrantzitsua da horrelakoetatik ikastea, eta ziur naiz hurrengoan hobeto egingo dudana.

 

Beñat Lizaso: "Gauzek asko aldatu behar lukete nik txapelketetan jarraitzeko"

Beñat Lizaso.

Lasai eta gustura zen atzo Beñat Lizaso bertsolari azpeitiarra Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala amaitu berritan. Bakarkakoan ez zen batere fin aritu, baina gainerakoan eroso eta txukun jardun zuen. Lehenbiziko finala zuen, eta zapore gozoa gelditu zaio.

Nola baloratzen duzu zure aurreneko finala?

Lehenbiziko balorazioa ona da. Gozatu egin dut, eta banuen beldurra nola erreakzionatuko ote nuen horrenbeste jenderekin. Gustura jardun dut, baina azkenerako nekatu egin naiz, eta bakarkakora hala iritsi naiz. Bakarkakoa dut parte ahulena, banuen beldur hori, eta hor erori egin naiz. Orokorrean, ordea, oso gustura nago.

Ofiziotan gusturago aritu zara.

Bai, gustura ari nintzen, lasai nengoen, eta ikusten nuen ondo ari nintzela. Bakarkakoan asko huts egin dut.

Final batean gozatzea ez da gutxi, ala?

Helburua horixe nuen: etorri eta gozatu. Horrelako plazarik ez dut berriz egingo, eta aprobetxatu beharra zegoen nola edo hala. Gozatu egin dut eta gustura nago benetan.

Ikusleak barrez ere jarri dituzu behin baino gehiagotan.

Nire bertsoera horixe da, ni nire bertsoak egitera etorri naiz, nola egiten dudan erakustera, eta ikusi dut hori lortu dudala; horregatik nago gustura.

Ikusleen artean zenuen Sebastian, aita. Amaitu ondoren berarekin egoteko aukerarik izan al duzu?

Bai, aita ere emozionatuta zegoen. Nik uste dut gaurko helburua horixe zela, etorri eta ondo pasatzea.

Horren sentsazio onarekin geldituta, berriz errepikatzeko harrik ez al zaizu sartu?

Ez, ez. Langa oso goian jarri dut, eta ez dut hau gaindituko. Uste dut nire txapelketak hemen amaituko direla, eta ez da leku txarra, bukatzeko ere.

Txapelketei agur esaten ari zara?

Badaezpada ez dut leporik jarriko, lehen ere askotan deskuidatu naizelako, baina bai, gauzek asko aldatu beharko dute berriz gertatzeko.

Attitteri eskaini diozu agurra.

Tolosako saioan jakin nuenean finalera pasatu nintzela, pentsatu nuen bizi izan balitz neuk baino poz gehiago hartuko zukeela. Eta pentsatu nuen agurra berari kantatu behar niola, bai edo bai.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide