Gabonetako kanpaina berezia antolatu du Gertuk

Maria Maya Manterola 2019ko abenduaren 12a

Geroz eta gutxiago falta da Gabonetarako, eta Gertu Zumaiako merkatari eta ostalarien elkarteak kanpaina berezia abiatu du beste urte batez. Abenduaren 31ra arte, Gertuk eskaintzen dituen eskaintza bereziez gozatzeko aukera izango dute zumaiarrek.

Alde batetik, zozketa bereziak egingo dituzte; abenduaren 20an sei otar banatuko dituzte. Horrez gain, 300 euroko hiru erosketa bono ere zozkatuko dituzte bezeroen artean. Parte hartzeko, herriko establezimenduetan erosketak egiterakoan txartel bat bete beharko da. Ostalariek ere izango dute beren zozketa: abenduaren 17tik 20ra, txanpain botila bat eta bi ardo botila zozkatuko dituzte elkarteko taberna eta jatetxeetan.

Gabon garaian Gertuko dendetan erabiltzeko erosketa bonoak ere aterako dituzte. Bihartik auerrera, Turismo Bulegoan izango dira salgai, 30 euroren truke. Ondoren, 40 euroko balioa izango du txartelak elkarteko dendetan. Pertsona bakoitzak bono bat eskura dezake.

Erakusleiho lehiaketa

Urtero bezala, Gertu Zumaiako merkatari eta ostalarien elkarteak herriko saltokien arteko erakusleiho lehiaketa ere antolatu du. Erakusleihoen dekorazioan egiten den ahalegina aitortu nahi du lehiaketak. Herriko merkatariei parte hartzeko deialdia egin diete, merkataritza-jarduera edozein delarik ere.

Parte hartzen duten komertzioen erakusleihoak dagoeneko atonduta daude, eta ezin izango dute dekorazioa abenduaren 26ra arte kendu. Parte-hartzaile bakoitzak izango duen akreditazioa ongi ikusi beharko da erakusleihoan; hala ez bada, epaimahaiak lehiaketatik kanpo utzi dezake saltokia.

Sariak eta balorazioak

Erakusleiho lehiaketako epaimahaiak bi sari emango ditu: 300 euro eskuratuko ditu apainketa onena duen saltokiak; 200 euro, bigarren sailkatuak. Herritarren saria, 100 eurokoa, Facebook bidez egingo duten bozketaren bidez erabakiko da. Abenduaren 26an 12:00etan bozka gehien dituen erakusleihoaren argazkiak irabaziko du, hain zuzen ere, herritarren saria. 

Aldi berean, 100 euroko erosketa bonoa zozkatuko dute Gertukoek bozketan parte hartzera animatzen diren herritarren artean. Bono hori herriko saltokietan gastatu beharko da. Abenduaren 31n izango da erakusleiho lehiaketaren sari banaketa ekitaldia, Binakako lasterketaren ondoren.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide