Zumaia eta Deba arteko garraioek ordutegi berria dute astelehenetik

Juan Luis Romatet 2019ko abenduaren 12a

Bi herrien arteko tren zerbitzua etenda dago azaroaren amaieratik, eta garraioak autobus bidez egiten ari dira .Loturak

errazteko, tren zerbitzu bereziak izango dira asteburuetan

Zumaia eta Deba arteko tren zerbitzua etenda dago pasa den azaroaren 25etik, Itziar inguruan izandako luizi batengatik. Ordutik, bi herrien arteko garraioa autobus bidez egiten ari dira.

Trenez ordu laurden behar izaten da Deba eta Zumaia arteko bidea egiteko; autobusez, berriz, ordu erdi inguru. Horregatik, ordutegi berezia jarri dute konpontze lanek irauten duten denborarako. Astegunetan, eguneko lehen orduetan, hiru tren berezi izango dira Zumaian 07:12an, 08:12an eta 09:12an, Debatik autobusez datozen bidaiariek Donostiarako noranzkoan bidaiarekin jarraitzeko. Debatik Bilbora bidean, berriz, bi tren izango dira orduero.

Asteburuetan, autobusen eta trenen arteko loturak errazteko, orduerdiro izango dira trenak Zumaia-Donostia eta DonostiaZumaia lineetan. Zumaia eta Kukullaga (Etxebarri) arteko bidea autobusez egiteko aukera ere egongo da asteburuetan. Hori bai, Euskotrenetik iragarri dute autobus horiek trenaren geldialdi berberak egingo dituztela. Behin Kukullagara helduta, Bilbora jarraitu nahi dutenek berriro trena hartu beharko dute.

Sei hilabete, bi milioi euro

Zerbitzua berriro martxan jartzeko sei hilabete beharko direla aurreikusi du Euskotrenek, eta konpontze lanek bi milio euro inguruko kostua izango dutela kalkulatu du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide