Joan den asteburuan izan dira Euskadiko bodyboard eta surf zirkuituetako azkenengo probak, Mundakan (Bizkaia), larunbatean hasi eta igandera bitartean. Olatu handiez gozatzeko aukera izan dute lehiakideek, larunbatean, batez ere: bi metroko olatuak izan ziren. Eskualdeko hainbat parte hartzaile igo ziren atzo podiumera; zumaiarrak eta oriotarrak, hain zuzen.
Bodyboard modalitatean, Unai Zubizarreta izan zen irabazlea. Zirkuitua amaituta, gainera, Zubizarretak ez du Mundakako probako txapela soilik jantzi: sailkapen orokorreko aurreneko postua eskuratuta, Euskadiko irabazle modura gailendu da oriotarra.
Bestalde, surf modalitateari dagokionez, Mundakan bigarren egin zuen Janire Gonzalez Etxabarri zumaiarrak, nesken kategorian. Mutilen kategorian, bigarren eta hirugarren postuak irabazi zituzten zumaiarrek; Imanol Yeregik egin zuen bigarren, eta Andoni Izagak hirugarren.
(Baleike)