Txapelketatik agurtu ezin

Julene Frantzesena 2019ko abenduaren 3a

Jon Maiak saioa irabazita eta Beñat Lizasok behar adina puntu lortuta, finalerako txartela eskuratu dute Tolosako finalaurrekoan. Abenduaren 14ko finalean izango dira bi bertsolariak.

Jon Maia zumaiarra eta Beñat Lizaso azpeitiarra Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalean izango dira. Igandean Tolosan jokatutako hirugarren eta azken finalaurrekoan lortu zuten biek finalerako txartela: Maiak saioa irabazita eta Lizasok bildutako puntuei esker. Lizasok kendu du, beraz, Tolosarekin zuen arantza.

Hasierako agurrean aipatu zuen hark Tolosaren alde goxoa zela probatzeko gelditzen zitzaion bakarra –txapelketan herri horretan kantatu duen gainerako bi aldietan seigarren sailkatu zen–, eta igandean alde horixe erakutsi zion jendez leporaino bete zen Usabal kiroldegiak.

Giroa bero zegoen, txapelketako azken finalaurrekoa zelako eta jokoan asko zegoelako. Zumaiako eta Azpeitiko herritar ugari joan zen Tolosara agertokian ziren hiru herrikideak, Maia, Lizaso eta Jokin Uranga, animatzera. Txalo zaparradarik nahiz animo mezurik ez zitzaien falta izan hiru bertsolariei.

Saioa gorabeheratsua izan zen oro har; bertsoaldi onak nahiz erdipurdikoak entzun ahal izan ziren. Jon Maia aise nagusitu zen, 494,5 puntu batuta. Haren atzetik sailkatu ziren Oihana Iguaran (471 puntu) eta Beñat Lizaso (469,5), eta bi horiek ere finalean izango dira. Urangari aurpegi peltral antzekoa agertu zion Tolosak; lan txukuna egin bazuen ere, 456,5 punturekin, ez zuen finalerako txartela lortu. Haren ostean sailkatu ziren Iban Urdangarin (444 puntu) eta Haritz Mujika (432 puntu).

Bertso onak utzi dituzte

Zozketak hala erabakita, bi bertsolari azpeitiarrek egin zuten saioko lehen ofizioa. Hala zioen hamarreko handirako egokitu zitzaien gaiak: "Zuen bigarren etxebizitza alokagai jarri duzue. Ijito-familia bat azaldu da alokatzeko prest. Haiei ez alokatzea erabaki duzue". Gai delikatua zen, baina beren rolak ondo hartu zituzten bi bertsolariek. Uranga errazago aritu bazen ere, biek laga zituzten ateraldi onak. Urangak hala bukatu zuen bigarren bertsoa: "Deitu arrazista, deitu kabroia, deitu nahi dezuen dana/ baina arriskuan ez det jarriko hainbeste kosta zaidana". Eta azken bertsoetan ere oso ondo aritu ziren biak.

Maiari ere gai delikatu samarra egokitu zitzaion lehen ofizioan. Torturatzaile bat defendatu behar duten abokatuen roletik abestu zuten Iguaranek eta biek. Oso lan ona gauzatu zuten, batez ere Maiak. Hala abestu zuen hark lehen bertsoan: "Egia ta gezur, fiskal eta gu, gara betiko bi bando/ torturatzaile bat salbatzea izan hemengo zein hango/ ez da lehena izango eta ez da azkena izango". Bigarren bertsoaren bukaera ere bikaina bota zuen hitz jokoa eginez: "Zuzenbidea ez baita beti bide zuzena izaten".

Zortziko txikia etorri zen segidan, eta Lizasok eta Iguaranek oso ofizio ona osatu zuten. Bateragarritasun portzentajea jakiteko beren datuak ligatzeko aplikazio batean sartu dituen bikote baten rola hartu zuten. Horrela hasi zuen bertsoaldia azpeitiarrak: "Aplikazio honek grazi pixkat badu/ konparaketa hori jarriz gure kargu/ ehuneko bostean gelditu gara gu/ orduan meritua doblea daukagu". Maiak, berriz, ez zuen asmatu zortziko txikiko ariketan; ofizio horretan aritu zen irristakorren zumaiarra.

Lizasok saio orekatua egin zuen, bertso ale politak utziz, baina seiko motzean aritu zen gaizkien azpeitiarra. Maiak, berriz, lan polita osatu zuen Mujikarekin, programa bete ez duten politikarien paperetik.

Saioaren bukaeran lortu zituen puntu gehien zumaiarrak. Puntuka Lizasorekin aritu zen, sukaldaritza programa bateko epaimahaikideen roletik. Maiak izan zuen ofizioaren gidaritza proposamenak eginez, eta benetan ariketa bizia osatu zuten biek.

Kartzelako ariketan bide oso desberdinak hartu zituzten Lizasok eta Maiak. Honako hau zen kartzelarako gaia: "Telefonoak jo du. Begiratu duzu, eta berriz zenbaki bera da". Lizasok deiari berebiziko garrantzia eman zion, hirugarren bertsora arte sorpresa mantenduz. Lanean ari den eta emaztea deitzen ari zaion gizonaren ikuspegia hartu zuen, deia hartzerik ez zuela esanda. Hirugarren bertsoan argitu zuen, baina, emaztea zergatik ari zitzaion hots egiten: "Pentsatu arren ez badut hartzen dela neretzat kaltera/ hartu edo ez da barruan darabilkidan galdera./ Berdin-berdin zait zer den enpresak hartuko duen jarrera/ erantzutea da azkenean nik egin dedan aukera/ hirugarrengo ume bat dator, berriz familia gera/ lana bihar ere hor egongo da, ni banijoa etxera".

Kartzelakoan egin zuen arratsaldeko lanik onena Maiak. Hautsitako maitasun istorio bat izan zuen helduleku. Emozioekin jokatu zuen hark, entzulearengana iritsiz: "Sarri asko pentsatu det mundu triste, mundu hitsa/ dei batek izan dezake etorkizunaren giltza/ ez ginela elkartuko jarri genuen baldintza/ baina jakin-mina dugu barrua jaten dun sitsa/ beraz banoa aurrera, ahaztuz lehengo desditsa/ misterioz beteta dago bihotza eta bizitza/ hainbeste eman zidanari zergatik ukatu hitza".

Finala, hilaren 14an

Abenduaren 14ko finalean ariko dira, beraz, Maia eta Lizaso. Donostiako Illunben kantatuko dute Agin Laburu, Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Ane Labaka, Oihana Iguaran eta Nerea Elustondo kantukideekin. Sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eros daitezke, eta Donostiara joateko autobusak antolatu dituzte Zumaian eta Azpeitian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide