Atzo jokatu zen Tolosan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken finalaurrekoa. Bi azpeitiar eta zumaiar bat aritu ziren kantuan: Beñat Lizaso, Jokin Uranga eta Jon Maia. Maiak irabazi zuen saioa, eta zuzenean sailkatu zen finalera. Lizasok, berriz, puntuazioaren arabera lortu du finalerako txartela. Urangak ez zuen arratsalde oso ona izan; finalaren atarian geratu da.
Hiru bertsolariekin hitz egin zuen Erlo Telebistak saioa bukatzean, eta bertsolariek arratsaldearen errepasoa egin zuten. Maia "eroso" sentitu zen saioan, eta bertso-jarduna "gustura" bukatu zuela azaldu du. "Beti uzten dizu gorputzaldi ona kartzelako lana ondo egiteak". Dena den, arratsaldean zehar "zalantza" sentitu zuela ere esan du, ez zekielako saioa "goitik edo behetik" zihoan. "Saio barrutik kalkuluak egiten oso txarra naiz. Beraz, bukatu arte ez nengoen erabat lasai".
Finalerako "ilusio handia" duela esan du zumaiarrak, eta "aspaldi sentitu ez duen poza" sentitzen duela. "Niretzat oso garrantzitsua da final honetara sailkatzea. Azken urteetan zailtasun batzuk izan ditut, eta finalera sartzea opari bat da niretzat. Ia lehen finala izango balitz bezainbeste poztu naiz". Bere buruari finalerako mugarik ez diola jarri azaldu du Maiak, eta "gauza handiak egiteko gogoz" dagoela. Txapelketa honetan, ez zuela sufritu nahi hasieratik "oso garbi" zuela azaldu du bertsolariak. "Talante horrekin nabil, ondo ateratzen ari zait, eta finalera ere ahal dudan gehien disfrutatzera joango naiz".
Lizaso pozarren zen saioa bukatzean, berea erakutsi zuelako: "Lasai etorri naiz, lasai jardun dut, sei puntuko motzean aritu naiz pixka bat narrastuta, baina bukatzean daukadan sentipena da nirea erakutsi dudala eta ni horixe naizela". Atzoko saioan ez zuela sufritu ere aitortu du Lizasok mikroaren aurrean, baita egindako lanarekin "gustura" dagoela ere. "Sentipen onak izan ditut saioa bukatzean". Gai-jartzailea puntuazioak jakinarazten hasi zenean mugitu zitzaion barrena lehen aldiz Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalean ariko den bertsolariari: "Bigarrenaren puntuak entzun ditudanean, hirugarrenak 469,5 puntu esan duenean... etorri zait halako subidoi bat! Puntuazioak entzutean zz nekien barre egin, negar egin edo saltoka hasi". Finalera "zerbaitegatik" iritsi dela eta han kantatzeko maila baduela erakutsi nahi du Lizasok: "Eta disfrutatzea nahi dut. Plaza ikaragarria izango da, eta finalean ariko naizela barneratutakoan, gozatzera".
Urangari ez zitzaion atzoko saioa nahi bezala atera. Hala aitortu du, saioan "gaizki" pasatu duela esanda: "Ustez oso kontzentratuta hasi naiz, hamarreko handian oso gustura aritu naiz, baina gero tenplea galdu dut. Nire lekua ez dut bilatu, eta ez naiz batere eroso sentitu. Handik aurrera, saio guztian oso gaizki pasatu dut". Txapelketan egindako lanaz balorazio positiboa egin badu ere, atzoko saioan eskainitakoarekin "pena" duela esan du. "Finalera bai edo ez aparte lagata, pena da plaza handienean hain gaizki pasatu izana, baita inguruko jende askori hain gaizki pasarazi izana ere".