Jon Maia zumaiarra eta Beñat Lizaso azpeitiarra Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalean izango dira, gaurko Tolosako finalaurrekoan egindako lanari esker. Maiak saioa irabazita lortu du finalerako zuzeneko txartela, eta Lizasok bildu dituen puntuei esker eskuratu du finalerako lekua.
Jendez leporaino bete da gaur Tolosako Usabal kiroldegia, txapelketako azken finalaurrekoa zelako eta jokoan asko zegoelako. Saioa gora-beheratsua izan da, baina bertsolariek utzi dute ale onik ere. Gainerako bertsolariak baino pixka bat hobeto aritu da Maia gaurkoan, eta epaimahaikideek ere halaxe berretsi dute; izan ere, 494,5 punturekin lehen postuan sailkatu da.
Finalerako puntuazio langa non geldituko zen gakoa, eta gaurko saiotik beste bi bertsolari ere igaro dira txapelketaren azkenera: Oihana Iguaran (471 puntu) eta Beñat Lizaso (469,5 puntu). Jokin Uranga azpeitiarrak ere gaurko saioan kantatu du, baina ez du lortu finalera sailkatzeko behar adina puntu: hain zuzen ere, laugarren sailkatu den azpeitiarrari ez zaizkio aski izan gaur jaso dituen 456,5 puntuak txapelketaren azken saiora iristeko. Haren atzetik sailkatu dira Iban Urdangarin (444 puntu) eta Haritz Mujika (432 puntu).
Maiak bikain josi du saioa, eta bukaeran lortu ditu puntu gehien, hala nola puntukako ariketan eta kartzelakoan. Saio erregularrena, berriz, Lizasok egin du: goia jo gabe, puntuak batu eta batu aritu da azpeitiarra, bertso onak utziz tartean. Hark gauzatu dituen lanik onenak zortziko txikia eta puntukakoa izan dira. Urangak, berriz, kartzelako ariketan jaso du puntu gehien, eta hamarreko txikian ere oso ondo aritu da.
Maia finalera begira jarri da agurrean, sailkatu izana oparitzat hartu duela esanda. Hala kantatu du zumaiarrak azken agurrean: "Ez naiz irabazle bat izan txapelketan/ baina kantari nabil euskal herrietan/ herri berri batekin beti ametsetan/ ta beti ikasteko itxaropenetan/ finala hau oparitzat hartzen det benetan/ ta opari gisara emango det bueltan".
Bai Lizasok, bai Urangak, berriz, zentzu desberdinetan baina barkamen hitzak izan dituzte azken agurrerako gai. Urangak bera maite duen jendeari abestu die agurra: "Aupa denoi ta bereziki Beñat biba/ mila ta bostehun lagun Tolosan guztira/ maite nauen jendea hor neukan begira/ ta nik ezin erantzun nahi nuen neurrira/ gehiena izorratzen didana hori da". Lizasok, berriz, txapelketatik agurtzekoa zelako eskatu die barkamena etxekoei, finalerako txartela lortu izanak eman dion poza ezkutatu ezinik: "Agurrik ez nun prestaturik ta oaintxe estu det barrena/ aprobetxatuz eskatzen diet etxekoei barkamena/ zin egin nien aurtengoa bai, aurtengoa azkena/ lehenik saio bat, gero beste bat, gaurkoa ta datorrena/ azkenengoa dedala baino bukatzea nahi ez nukena".
Finala abenduaren 14an
Finalean ariko diren zortzi bertsolariak zeintzuk diren zehaztuta dago finalerdien fasea bukatuta. Horrenbestez, abenduaren 14an, larunbatez, Donostia Arenan (Ilunbe) kantatuko dute Agin Laburuk, Beñat Gaztelumendik, Jon Maiak, Alaia Martinek, Ane Labakak, Oihana Iguaranek, Beñat Lizasok eta Nerea Elustondok. Finala 17:00etan hasiko da, eta harako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eros daitezke.