Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalek legez egin beharko dute aurrerantzean Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko (HAPO) Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE), proiektu zehatzek herrien egoera soziolinguistikoan izan dezaketen eragina neurtzeko eta,beharrezkoa balitz, neurri zuzentzaileak hartzeko. 2016an hartu zuen ELEk lege izaera, Euskal Autonomia Erkidegoko Udal Legea onartu zenean, baina jaurlaritzak argitaratu berri duen dekretuaren bitartez, aurrerantzean beharrezkoa izango da ebaluazio hori egitea.
Urola Kostako herrietan ari dira dagoeneko pausoak ematen gaiaren inguruan. Orio izan zen lehenengotarikoa HAPOari ELEa egiten: herriko hiru esparrutan etxebizitza dezente eraikitzea aurreikusten zen herrian, eta horren eragin linguistikoa aztertu zuten. Hala ere, HAPOa oraindik onartu gabe dago.
Azpeitian ez diote HAPOari ELErik aplikatu, baina plan partzial batzuetan egin dute ebaluazioa; hain zuzen ere, Esklabak-Iturtzulo eta Alberdienea eremuetan. Aizarnazabalen HAPOa eginda dute eta ELEa ere eginda daukate horren barruan, baina Gipuzkoako Foru Aldundira bidalita daukate haren onespena jasotzeko.
Errezilen 2018an egin zuten Hiri Antolamendurako Plan Orokorra, baita Eragin Linguistikoaren Ebaluzioa ere. Planak euskararen garapenean izan dezakeen eragina aztertu zuten, eta euskararen ezagutzan beherakada aurreikusi zuten. Hala, neurri zuzentzaileak ezarri zituzten.
Irismen dokumentua
Zarautzen indarrean dago HAPOa, eta orain artean bi irismen dokumentu egin dituzte: bat, Lanpardoko babes ofizialetako etxebizitzen eraikuntzan eta, bestea, Iñurritzako 13.2 areako 180 etxebizitza eta 80 gelako hotelaren eraikuntzan. Irismen dokumentuak azaltzen du zenbaterainoko eragin soziolinguistikoa izan dezakeen eremu jakin batean abian jarri nahi den proiektu batek, eta aipatutakoetan ez dago arazorik eragin linguistiko aldetik.
Getarian egungo Hiri Antolamenduko Plana zaharkituta dago, bertan jasota dauden zeregin gehienak beteta daudelako dagoeneko. Datorren urteko aurrekontuetan partida bat bideratuko dute plana berritzeko lehen urratsak emateko, eta hor kontuan hartuko dute hizkuntza irizpideen arau berria, baita generoari dagokiona ere. Dena den, Getariakoa bezalako udal batentzat diru asko suposatzen du HAPOa berritzeak, beraz, pixkanaka egingo dute prozesu osoa.
Zestoan HAPOa hasierako fasean dago. Prozesu horretan ELEa ere egiten ari dira. "Gure herria euskararen arnasgunea izanda, garrantzia berezia dauka gainera", adierazi du Mikel Arregi Zestoako alkateak. HAPOa agintaldi hau bukatzerako onartu nahiko lukete Zestoan, nahiz eta zaila ikusten duten.
Hiri Antolamendurako Plan Orokorra herritarrekin berritzea izango da agintaldi honetan Zumaiako Udal Gobernuak izango duen zeregin nagusia. Irizpide ezberdinen artean, eragin soziolinguistikoari dagokion garrantzia eskainiko diotela nabarmendu dute. Azkoitiko Udalean ere kontutan hartuko dute, eta aurrerantzean ebaluazioa egiteko asmoa dutela adierazi dute, legeak hala agintzen duelako.