Xixiliren aitzakian, musika eskaintza oparoa izan da egunotan eskualdean

Urola Kostako Hitza 2019ko azaroaren 23a

Xixili Eguna atzo izan bazen ere, aste osoan zehar izan dira ekitaldiak, kontzertuak, kalejirak zein musikarekin lotutako emanaldi bereziak.

Musikaren eta musikazaleen egunaren harira, emanaldi andana izan da egunotan. Xixili Eguna atzo izan bazen ere, aste osoan zehar izan dira musikarekin lotutako ekitaldi, kontzertu, kalejira zein emanaldi bereziak. Eskualdeko herrietako musika taldeak, bandak, abesbatzak, ikasleak zein irakasleak kalera atera dira, kaleak musika doinuekin alaitzera. 

 

AZKOITIA
Modu berezi eta ezin hobean ospatu du Azkoitiko Musika Bandak Xixili Eguna. Espero bezala, musika doinuek ez dute hutsik egin musikarien egunean, eta kalejirarekin ekin diote urteroko zitari. Aurten, ordea, ez-ohiko opari bat ere jaso eta banatu dute taldekideek; Udal Musika Bandaren 150. urteurrenean, taldearen historia biltzen duen liburua aurkeztu eta kaleratu zuten ostegunean. Kaleetan eta Kontzejupean hainbat pieza eskaini ondoren, udaletxean aurkeztu zuten lana, hango areto nagusia jendez leporaino zela.

Ostiralean, Xixili Egunaren omenezko musika eta dantza emanaldia izan zen arratsaldean, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan. Saioko protagonistak Bizkargi musika eta dantza eskolako ikasle eta irakasleak izan ziren. Aretoa jendez beteta zela hainbat kanta abestu, dantzatu eta jo zituzten musika tresnekin.

AZPEITIA
Egan musika taldearen emanaldi bilakatu zen asteazken iluntzean Soreasu antzokia; izan ere, Juan Antxieta musika eskolako ikasleek eta irakasleek 70ko hamarkadan hasita plazarik plaza ibili zen Azpeitiko musika taldearen hainbat abesti eskaini zituzten. Santa Zezilia egunaren bueltan egin zuten atzoko emankizuna, eta antzokia jendez leporaino bete zen. Hainbat ikus-entzulek, gainera, duela hamarkada batzuk Eganen aitzakian bizi izandakoak gogora ekartzeko abagunea izan zuen Gizon apalaLoiolan jai, jai!Maitasun hitzakEgan eta beste hainbat kantarekin.

Getariako Musika Bandako kideak, kalejiran.

GETARIA
Getariako musikazaleak ere kalean ospatu dute beren eguna. Getariako Musika Bandak eta Gazte Alaiak txistulari taldeak kalejira egin zuen ostiralean, herriko kaleetan zehar. 19:00etan hasi ziren txistulariak kaleak girotzen, eta 19:30ean irten ziren bandako kideak.

Hala eta guztiz ere, igandean izan dira ekitaldi gehienak Getarian. Salbatore abesbatzak kontzertu berezia eman du Salbatore Deunaren parrokian, Ruben Mejutoren gidaritzapean. Bertaratutakoek abesti ugariz gozatzeko aukera izan dute, horien artean, Getariako ereserkiaz. 

Cristobal Balenciaga museoan ere ospatu dute musikarien eguna. Balenciaga eta Musika kantu eta piano errezital dramatizatua izan da eguerdian; Cristobal Balentziagaren sormen-unibertsoa haren garaiko konpositoreekin lotzea izan da emanaldiaren xedea.

ORIO
Danbolin Eskolako ikasle eta irakasleek asteazkenean, hilak 20, ospatu zuten musikazaleen eguna. Kalera atera ziren, herria beren doinu eta dantzekin girotzera. 

ZARAUTZ
Beste urte batez, gogotik ospatu zuten musikaren eguna Imanol Urbieta Udal Musika Eskolako ikasleek eta irakasleek. Musika eskolatik kalez kalez abiatu ziren ostegunean, 17:30etik aurrera, eta, ondoren, Musika Plazan elkartu ziren. Amaieran txokolatadaz gozatzeko aukera izan zuten. 

Ostiralean, 20:30ean hasita, abesbatzek ireki zuten jaialdia. Hain zuzen, Zarautz Abesbatza, Zarautz-Txiki Abesbatza, Txinpirin Abesbatza, Schola Cantorum Parrokiako korua eta Montetxio Abesbatzako kideak igo ziren oholtza gainera; banaka lehenengo, eta guztiak elkarrekin gero. Jarraian, txistularien txanda izan zen, eta abesbatzekin batera aritu ziren kiroldegia girotzen. Gero, Zarauzko Musika Banda batu zen emanaldira.

ZUMAIA
Asteartean, hilak 19, hasi zituzten ekitaldiak Zumaian. Hain zuzen ere, Musika Eskolako ikasleak izan ziren Xixili Eguna ospatzen goiztiarrenak. Komentuan entzunaldia eskaini zuten, eta hainbat herritar gerturatu ziren ikasleen eskutik musikaz gozatzera. Bertan izan ziren lirikako ikasleak ere;  hainbat pieza eskaini zituzten.  

Ostiralean, Xixili Egunez, emanaldi berezia eskaini zuten OCP slam eta ZUMB Zumaiako Udal Musika Bandako kideek. Eguraldi kaskarraren ondorioz Oxford aretora lekualdatu zuten emanaldia; goraino bete zuten musikazaleek.

Atzo, larunbata, San Pedro eta Luberri abesbatzen kontzertua izan zen Komentuan. Xixiliren aitzakian eskaini zuten emanaldi berezia, eta musikazale ugari batu zen Komentuan. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide