2020an hasiko dituzte Narrondo eta Iraeta arteko bidegorriaren lanak

Mailo Oiarzabal 2019ko azaroaren 14a

Aldundiak datorren urteko aurrekontu proiektuan sartu du Urolako Bide Berdea osatzeko falta den zatiaren lehen fasea. Narrondo eta Arroa Goia lotuko dituzte aurrena.

Herritarren aspaldiko eskaerak erantzuna izango du eta 2020an hasiko dituzte, azkenean, Narrondo eta Iraeta lotuko dituen bidegorriaren lanak. Aurreko astean, 2020rako prestatu duen aurrekontu proiektua aurkeztu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak Batzar Nagusietan. Sailez sail eman zuten aurrekontuen berri. Han azaldu zuen Rafaela Romero diputatuak 700.000 euro bideratuko dituela datorren urtean Urolako Bide Berdea osatzeko falta den zati horretara bera buru duen Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa departamentuak.

Aurtengo foru aurrekontuetan bidegorriarentzako dirurik ez zela aurreikusten jakin eta denbora gutxira, joan den otsailean, aurreko agintaldiaren azken txanpan, aldundiak eta Zestoako Udalak agerraldi bateratua egin zuten, bidegorria egingo zutela aurreratzeko. Agintaldi berriarekin, iragarpen hura forma hartzen joan da. Aldundiak eta udalak ekainaz geroztik "hainbat bilera" egin dutela azaldu du Mikel Arregi Zestoako alkateak. Bilera horietan proiektua adostu zuten, proiektu hori dagoeneko eginda dago; eta orain, aurrekontua ere izendatu dutenez, Narrondo eta Iraeta lotuko dituen bidegorri zatia egiteko lanak 2020an hasteko moduan izango dira.

Narrondotik Arroa Gora

Bi fasetan egingo dituzte lau kilometroko luzera izango duen bidegorri zatiaren lanak. Aldundiak 2020rako iragarri duen diru poltsa lehen faseari dagokio, eta Narrondo eta Arroa Goia lotuko dituzte lehen fase horretan.

«Ondobidean», Arregiren esanetan, aldundiak beste 700.000 bat euro jarriko ditu 2021eko aurrekontuetan, bidegorriaren bigarren eta azken faseari, Arroa Goia eta Iraeta arteko bideari, aurre egiteko.

Urolako Trenaren bidetik

Urolako Trena zenaren plataforma baliatuko dute bidegorriaren ibilbidearen zatirik handienean. Narrondon, auzoa eta Zumaia lotzen dituen zatiarekin bat eginez, gasolindegiaren atze aldean hasiko dira bidegorria eraikitzen. Arroa Goiko trenbide zaharraren tunel luzeetaraino iritsiko dira lehen fasearen obrak.

Bidea, besteak beste, Arroa Beheko Urolaren estazio zaharretik igaroko da. Pare horretan, Arroa Beheko herrigunearekin lotunea egingo dute. Horretarako GI-631 errepidea gurutzatu beharko dutenez, semaforoak eta zebrabide bat jarriko dituzte Arroa Beheko autobus geltokiaren inguruan. Lan horiek Zestoako Udalak bere gain hartuko dituela aurreratu du Arregik, bidegorriaren proiektua egiterakoan aldundiarekin adostu bezala. Hain zuzen ere, horretarako partida 2020ko udal aurrekontuen proiektuan jasotzeko asmoa du udalak.

Lehen faseko lanak egiten dituzten bitartean, bigarren faseari dagozkion etxeko lanak ere aurreratu beharko dituzte. Izan ere, Iraetako Lorentxaeneko azpiko trenaren tunel zaharraren egoerak baldintza dezake Arroa Goia eta Iraeta lotuko dituen ibilbidea. Hondatuta dagoen tunel hori egokitzea da lehen aukera, baina hori posible ez balitz, "bigarren aukera" aztertzea ere aurreikusia dutela dio Zestoako alkateak; bidegorria Irao gainetik pasatzea aztertuko lukete kasu horretan.

"Berri pozgarria"

Bidegorriaren Aldeko Taldean "oso gustura" daude, aldundiak datorren urterako lehentasunen artean jarri eta aurrekontuetan sartu duelako Narrondo eta Iraeta arteko bidegorriaren eraikuntza.

"Aspalditik itxoiten ari ginen berria da, berri pozgarria. Tunel beltzaren bukaeran argia agertu da, azkenean", diote taldekideek. Izan ere, urteetan aritu dira herritarrak, eta bereziki Arroa Beheko bizilagunak, Legazpi eta Zumaia bidegorriz lotzeko falta zen zatia bukatzeko eskatzen. Duela hiru urte, 2016ko udazkenean, eratu zuten Arroa Behean bidegorriaren eskaera koordinatzeko batzordea, eta harrezkero, hainbat ekinbide jarri dituzte martxan. Erakundeekin bilera ugari egin eta gaia gizarteratzeko egitasmoak ere gauzatu dituzte, hala nola bidegorriaren aldeko martxa jendetsuak, Zestoako eta Zumaiako taldeekin eta herritarrekin elkarlanean. Joan den urriaren 20an egin zuten, hain zuzen ere, azken martxa. Orduan adierazi zuten "esperantzarako tarte bat" ireki zitzaiela, bidegorriaren proiektua egina zegoela jakin zutelako, baina gaineratu zuten "ezinbestekoa" zela aldundiak 2020ko aurrekontuetan bidegorria egiteko dirua jartzea ere.

Ezinbesteko pauso hori emanda, Bidegorriaren Aldeko Taldeak ez du ahaztu nahi "oraindik lan handia dagoela egiteko". Arroa Goia eta Iraeta arteko tunelaren kontua aipatu dute, besteak beste, beren helburua "bidea osorik bukatzea" dela gogoratuz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide