Migrazio fluxuen inguruko hitzaldia emango du bihar Xabier Aierdik

Juan Luis Romatet 2019ko azaroaren 12a

Errefuxiatuen Harrera Taldeak antolatutako bi hitzaldietatik lehena da. Saioa 18:30ean hasiko da, Zumaiko Oxford aretoan .Bigarren hitzaldia abenduaren 5ean izango da.

Gaia hein batean egunkarietako azaletatik desagertu bada ere, errefuxiatuek eta migranteek Mediterraneoan pairatzen duten tragediak bere horretan jarraitzen du. Dozenaka, ehunka dira Europara bidean itsasoan itota desagertu diren pertsonak. Horren jakitun, Zumaiako Errefuxiatuen Harrera Taldeak bi hitzaldi antolatu ditu gai horren inguruan.

"Kontziente gara komunikabideetan orain dela urte batzuk zuen presentzia ez duen arren, errefuxiatuen zein migranteen arazoa inoiz baino biziago dagoela, ez dela amaitu. Hori delaeta, oso garrantzitsua iruditu zaigu migrazioaren inguruko oinarri teorikoa eskaintzea, alde batetik, eta bestetik, ezagutaraztea gaur egun Mediterraneoan errefuxiatuek bizi duten egoera zein den", adierazi dute Harrera Taldeko kideek.

Antolatutako bi hitzaldietatik lehena bihar izango da, 18:30ean hasita, Alondegiko Oxford aretoan. Xabier Aierdi soziologoak Mundu mailako migrazio fluxuak hitzaldia eskainiko du. "Gaur egun mundu mailan gertatzen diren migrazio fluxuak eta horien arrazoiak aztertuko ditu, baita etorkizunean gertatu daitezkeen migrazio mugimenduak ere; esaterako, klima aldaketaren eraginez", diote.

Bigarren hitzaldia, berriz, abenduaren 5ean izango da,ostegunean, 18:30ean, Oxford aretoan. Kasu honetan, Iñigo Gutierrez, Salvamento Maritimo Humanitario taldeko kidea izango da gonbidatua. "Zer ari da gertatzen Mediterraneoan? galdera luzatuko diogu eta, horri tiraka, azaltzen saiatuko da gaur egun Mediterraneoan gertatzen ari dena, elkarte horrek zein lan egiten duen, hainbat herrialdetako gobernuekin izan dituzten tirabirak, eta abar luze bat". Errefuxiatuen Harrera Taldea orain urte batzuk sortu zuten Zumaian. "Hasierako ideia, gure herrira iristen ziren errefuxiatuei harrera egitea zen, erantzun herritarra ematea, alegia. Hala ere, hainbat faktorek eraginda, gure jardun nagusia sentsibilizazioan eta kontzientziazioan oinarritu da ordutik hona", azaldu dute taldekideek.

Elkartea sortu eta gaur egunera arte ekimen eta lanketa desberdinak egin dituztela ere gaineratu dute. Hala nola, hitzaldiak, eszenifikazioak, erakusketak edo oroimen historikoaren aldeko ekimenak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide