"Gabon Korua Zumaiako adokinei eta herriko paretei itsatsita dago", zioen abesbatzako zuzendari Agustin Zubimendik 2006an egindako elkarrizketa batean. Urtean egun bakarrean ateratzen da koru hori, Gabon gaueko arratsaldean, eta aurtengoa 75. kantu kalejira izango du. Urtemuga berezia dela eta, abesbatzatik pasatu diren lagun guztiei dei egin die zuzendariak aurtengo saioan parte hartzeko.
Koruak 1944an egin zuen lehen kalejira. Tuberkulosoen ospitale bat zegoen Andazarraten, eta Zumaiako sei gazte zeuden bertan. Gerra osteko bizitza ez zen erraza, eta gaixo haiei laguntzeko, Zumaiako gazte talde bat elkartu zen: Gabon gau arratsaldean kalera atera ziren Gabon garaiarekin lotutako abestiak kantatzera, eta bide batez, gaixoentzako dirua biltzera.
Hasiera hartan, gizonezkoek bakarrik abesten zuten abesbatzan. Urteek aurrera egin ahala, ordea, emakumezkoak ere hasi ziren kantatzen; 1950eko hamarkada hasieran gertatu zen hori, koruko giroa zertxobait apaltzen hasi zenean.
Nerabe zela hasi zen Agustin Zubimendi koruan abesten. Abeslaria izan zen aurrena, eta 1984tik, abesbatzako zuzendaria da. Juan Ignacio Mendia apaiza eta Jeronimo Egaña izan ziren Zubimendiren aurretik abesbatzako arduradunak.
Gabonekin lotura duten abesti tradizionalak kantatzen ditu abesbatzak bazkalondoan hasi eta iluntzean amaitzen duen kalejiran. Euskarazko abestiak izaten dira guztiak, baina denak ez dira Euskal Herriko konpositoreek sortutakoak. Euskaldunez gain, Austriako edo Alemaniako kantak ere abesten dituzte.
Entseguak abenduan
Gabon Koruak aurten 75. urtemuga betetzen du, eta ospakizunak behar duen bezalako giroa izatea nahi du Zubimendik. «Horretarako, aurten erabiliko dugun abestien zerrenda oso klasikoa izango da. Era horretan, korura etortzen diren guztiek jakingo dituzte abestiak, eta gogorarazi besterik ez zaizkie egin beharko», adierazi du zuzendariak.
Aurreko urteetan, emakumeek eta gizonek bereizita egin izan dituzte lehen entseguak, eta elkarrekin azkenak. Aurten bereizitako entsegu saiorik ez da izango; denak entsegu orokorrak izango dira.
Abenduaren 9an, 11n, 13an, 16an eta 18an egingo dituzte entseguak Eusebio Gurrutxagako Gizarte Zentroan, 21:00etan; azken entsegua komentuan izango da, hilaren 20an, 21:00etan.