Epaimahaiak jakinarazi ditu dagoeneko 2019ko Rikardo Arregi Kazetaritza Sarietako finalisten izenak. Bi sari banatuko dituzte aurtengoan: Kazetaritza saria eta Komunikazio saria. Eta sari bakoitzerako launa finalista izendatu dituzte.
Eskualdekoak dira saria jasotzeko hautagai diren pertsona eta proiektu batzuk. Hain zuzen ere, Kazetaritza saria jasotzeko finalista dira Jon Artano kazetari zestoarra, Ana Galarraga zientzialari zarauztarra eta Miel Anjel Elustondo kazetari azpeitiarra. Artano 2019. urtean Ameriketatik egindako EITBrako kronikak eta elkarrizketak direla-eta hautatu du epaimahaiak; Ana Galarra, berriz, Elhuyar aldizkariko Iraultza txikien lekukoak atalagatik; eta Elustondo Berriarako egin zuen Zozoen elean elkarrizketa sortagatik. Horiez gain, Kanalduderen Hurbiletik telebista saioa ere finalistetako bat da.
Horiez gain, Komunikazio sarirako hautagai da Oier Aranzabal zarauztarra; izan ere, hark zuzeu.eus-eko Barruan gaude atalean argitaratzen dituen poadcastengatik aukeratu du epaimahaiak. Horrez gain, tokiko hainbat hedabidek –Zumaiako Baleike da tartean– sortutako Ttap aldizkari digitala ere finalisten artean da, baita Codesyntax enpresak garatu duen Egunean Behin mugikorrerako jokoa ere; Josu Azpillaga azpeitiarra da joko horren sortzaileetako bat. Horiez gain, 2019ko Korrikaren komunikazio kanpaina ere saria jasotzeko hautagaien artean da.
Epaimahaiak aurten lehen aldiz izendatu ditu finalistak, eta azaroaren 28an Andoaingo Bastero antzokian egingo duten sari banaketa ekitaldian jakinaraziko ditu zeintzuk diren 2019ko sariketaren irabazleak. Sari bakoitzaren garaileak 9.000 euro eskuratuko ditu. Andoaingo Udalak antolatzen ditu Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak. Aurtengo epaimahaia hainbat unibertsitate irakaslek eta komunikazioan adituk osatu dute, hala nola Jose Inazio Basterretxeak, Aingeru Epalzak, Itxaro Bordak, Maite Goñik, Elixabete Larrinagak, Ion Muñoak eta Jon Sarasuak.