Zumaian izango du aurrerantzean Delteco enpresak egoitza nagusia

Baleike 2019ko urriaren 24a

Atzo egin zuten Zumaiako zentroa irekitzeko ekitaldia, Joxe Mari Korta industrialdean. Bezeroen eskakizunei "azkar eta hobeto" erantzun nahi diete.

Eibarren ia 50 urteko jarduna izan ondoren, Zumaiara lekualdatu du Delteco enpresak egoitza nagusia. Hain zuzen ere, Joxe Mari Korta industriagunean inaguratu zuten atzo mekanizazio zentro berria, 7.000 metro koadroko pabiloi batean. 

Lekualdatzea bezeroen eskakizunei azkar eta hobeto erantzuteko baliatuko dute. Bestetik, biltegiko makinak bikoiztu dituzte, formazio guneak handitzeaz gain. Irekiera ekitaldian bertan izan ziren Deltecoren hornitzaile diren enpresen ordezkariak zein gonbidatuak, eta haiei hitz batzuk eskaini zizkieten enpresako zuzendari nagusi Xabier Aranbarrik eta ordezkari politikoek. 

Deltecoren historia beste enpresa batzuen historiarekin parekatu zuen Aranbarrik bere hitzartzean: "Familiako enpresa baten historioa da, lanaren, sakrifizioaren eta abileziaren poderioz honaino iritsi dena". Nabarmendu zuen hastapenetatik izan duela enpresak langile talde paregabea, eta orain ere hala dela, nahiz eta langile kopurua handitu den. "Bezeroei zerbitzatzea, abangoardia teknologikoa eta zerbitzu tekniko ezin hobea izan dira etxe honen oinarriak, eta hala izaten jarraitzen dute", azpimarratu nahi izan zuen Aranbarrik. Azken urteotan enpresaren hornitzaile izan diren nazioarteko enpresei ere esker hitzak eman zizkieten, baita "lehendakariari eta bere taldeari" ere.

Markel Olano Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatu Nagusiak, bere aldetik, bi ideia nagusi nabarmendu zituen: "euskal enpresariaren arima" ordezkatzen zuen Joxe Mari Korta aipatzea beharrezkotzat jo zuen Olanok. Aranbarri sendiari eskertza mezua igorri zion ondoren, Delteco talde osoari erronka berriaren aurrean bere animoak emateaz gain. "Herri bezala, industrian dugu guk gure etorkizuna. Defenditu beharra daukagu, eta baita balioan jarri ere". Gizartearen eraldaketarako eta gizarte orekatua eraikitzeko beharrezkoa da, Olanoren arabera. Arlo horretan, Deltecok bezala, familiako enpresek urteen poderioz "eten ez duten soka" hori goraipatu zuen diputatu nagusiak.

Deltecoren ibilbidean merkatuaren beharrei egokitu izana eta erantzun berriak eskaintzeko gaitasuna garrantzizkotzat jo zuen Iñigo Urkullu lehendakariak. Bestetik, Deltecok beste enpresa batzuekin elkarlanean aritzen dela esan zuen lehendakariak, "sektoreko enpresei bere bultzada emanez". Inbertsioa, aliantzak, teknologia eta pertsonak: horiek dira, Urkulluren arabera, merkatu globaleko lehiakortasunerako gakoak. 

Irekiera ekitaldiaren ondoren enpresa barrutik ikusteko aukera izan zuten ordezkari politikoek, langileek zein enpresaren hornitzaileek. Hitzartzean jakinarazi zutenez, gaur eta bihar ate irekien jardunaldiak izango dira Deltecoren zentro berrian, Joxe Mari Korta industriaguneko 2. pabilioian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide