Korrikalaria eta arraunlaria

Uxoa Irigoien: "Urteetan isilik eraman dut dena, orain hasi naiz korapiloa askatzen"

Unai Ugartemendia 2019ko urriaren 17a

 

Argazkia: Unai Ugartemendia

Ez da geldirik egotekoa Uxoa Irigoien (Getaria, 1988). Azken urteetan mendian korrika ibiltzeagatik egin zen ezaguna. Lasterketa asko irabazi, eta Euskal Selekzioarekin ere aritu zen hiru urtez. Kirolaren alde itsusia ikustearekin batera utzi zituen lasterketak. Azken sasoian, traineru barruan jardun du, Zumaiako arraunlari.

Egunerokotasunean murgilduta dabil irailean eskolak hasi zituenetik. Hitzordura ere korrika azaldu da liburuak eskuetan. Urteko balantzeaz eta bizitza berriaz hausnartzeko denbora hartu du kafearen aitzakian. Urte gogorrei aurre egiteko ahaleginean ez du atzerapausorik eman nahi.

Urtebete baino gehiago egon zara mendian korrika egin gabe. Parentesi horren aurretik, noiz egin zenuen azken mendi lasterketa?
Azkena iaz izan zen, Zumaian jokatzen den Flysch Traila, eta haren aurretik Leitzako Euskal Herria Mendi Erronka egin nuen. Oso gustura egin nituen biak. Hala ere, Zumaiakoa amaitu nuenean, izugarrizko ilusio falta antzematen hasi nintzen. Konturatu nintzen aldaketa handi bat behar nuela. Bizitzak ere aldaketa eskatzen zidan oihuka.

Lasterketak utzi eta arraunean hasi zinen. Nondik etorri zitzaizun ideia hori?
Neuri sortu zitzaidan. Ez nintzen inoiz arraunean ibilia, nahiz eta aita oso arraunzalea izan, hiru anai-arrebetatik bat bera ere ez ginen inoiz arraunean ibili. Anaia, ahizpa eta ni futbolean ibili ginen. Arraunaren inguruan, baina, jende asko ezagutzen nuen, baina nik inoiz ez nuen arraunik hartu. Mendian ere modu berean hasi nintzen, egun batetik bestera.

Getarian ez duzue emakumeen arraun talderik, eta Zumaian hasi zinen. Nolatan?
Hiru urte eta gero, Zumaian berriro arraun taldea ateratzekotan zirela aipatu zidan fisioterapeutak, eta, agian, bertan hastea izango nuela onena. Zumaian arraunean irakatsiko zidatela esaten zidan, eta zorte pixka batekin, agian, minuturen batzuk jokatzeko aukera emango zidatela. Asko pentsatu gabe Zumaiara joan nintzen.

Ez du erraza izan behar zure adinarekin arraunean hutsetik hasteak.
Bada, hala hasi nintzen, hutsetik. Hiru ginen hasiberriak denboraldi hasieran, eta hirurok denbora askoan jardun behar izan genuen entrenamenduko zuloan. Etsita amaitzen genuen askotan. Arraunean ibiliak zirenek ergometroa egiten zuten, eta guk, berriz, zuloan pasatzen genuen denbora. Niretzat laguntza izan zen beste bi ere hasiberriak izatea. Guretzat dena berria zen. Arrauna oso kirol teknikoa da. Nik gerritik behera dena landua nuen, baina goiko zatia oso eskas nuen, ipurdia ere antzeko… Abdominalak izatea ezinbestekoa da, gainera. Oraindik gogoan daukat uretara sartu ginen lehen eguna.

Ez zenuen etsi, ordea.
Hori argi neukan. Nik ikasi egin nahi nuen, burugogorra naiz, eta banekien ikasiko nuela. Arazo bakarra neukan, azkar ikasi nahi nuela. Entrenatzaileak argi esaten zidan: «Hau ez da egun batean ikasten den kirola! Denbora behar da, urteak behar dira ondo ikasteko!». Neure buruarekin asko haserretzen nintzen. Baina behin uretara sartutakoan, azkar konturatu nintzen arraunean ondo aritzeko asko ibili behar dela. Itsasoan beldurtu-eta guzti egiten nintzen.

2015ean, Zestoako 37. Krosean (Onintza Lete Arrieta)



Lehen urtea, eta Kontxan ere lehiatu duzu.
Bai, hala da. Sailkatze eguna izugarria izan zen. Hala ere, ez nuen neuk nahi bezala ospatu. Amaitu orduko, dopinaren kontrola egitera eraman ninduten. Unerik politenean, arranplan geundenean, gizon bat etorri eta berarekin joan behar nuela esan zidan. Bereak eta bi entzun zituen! Urduritasunarekin, bi ordu eta laurden pasatu nituen txiza egiteko. Ondorengo Kontxako bi igandeetan lehiatzea, berriz, ikaragarria izan zen!

Irabazteko grina ez duzu galdu.
Ez, horrek salbatu nau. Entrenatzaileak ere hori esaten zidan, irabazteko grina dudala. Teknikoki banekien arraunean ez nintzela onena inoiz izango, gazteena ere ez nintzen, eta gazteek oraindik ez dute lehiakortasun askorik, eta nik, berriz, kasta eta iraunkortasuna nituen. Oso diziplina gogorra da, baina argi neukan ez nintzela denbora-pasa joango. Nik jokatu egin nahi nuen, kosta ahala kosta.

Etxean mendi lasterketak utziko zenituela esan zenuenean, zer esan zizuten?
Amak zera esan zidan: «Bazen garaia!». Gero, arraunean hasiko nintzela esan nionean, ea erotuta nengoen galdetu zidan.

Noiz erabaki zenuen mendiko lasterketak uztea?
Iaz erabaki nuen. Urte asko izan dira mendian korrika, gauza asko pasatu zaizkit urte hauetan guztietan, eta bizitzari beste norabide bat emateko garaia zela konturatu nintzen, bai kirolean, baita bizitzan ere.

Erreta amaitu al zenuen mendi lasterketekin?
Bai, batik bat neure buruari jartzen nion presioarengatik. Ez da beste ezer egon, neu izan naiz. 2014an hasi nintzen mendian korrika, eta uztea ez zen erabaki erraza izan. Neure buruari presio handia sartzen nion, beti izan naiz oso exijentea, eta iruditzen zitzaidan beti tiraka ibili behar nuela. Azken lesioak ere ez zidan asko lagundu. Estresagatik haustura bat izan nuen pubisean, eta horrek zerbait esan nahi zuen.

Zer gertatu zitzaizun?
Obsesionatu egin nintzen. 21 urterekin hasi nintzen serio korrika, aurrena errepidean eta gero mendian. Beti egon izan naiz pisuari begira. Mendian, konturatzerako lasterketak irabazten hasi nintzen, Donostia-Hondarribia, Orioko mendi lasterketa… Euskal Selekziotik ere deitu zidaten. Nire bizitzako urterik onena izan zen 2014koa. Gauza erraza zen: zenbat eta argalago egon, geroz eta azkarrago egingo nuen korrika, eta geroz eta azkarrago korrika egin, irabazi egingo nuen. Kiloak galdu ahala, errazago irabazten nuen; beraz, kilo gehiago galdu behar nituen beti. Horrek, ahalik eta gutxien jatera eraman ninduen. Ez nintzen konturatzen neure buruari zer min ematen ari nintzen.

Apurtu egin zinen arte, 2016an.
Horixe bera. 2015ean jada anemiak jota nengoen. Euskal Selekzioko prestatzaile Jokin Lizeagak urte hartako Zegama-Aizkorri ez egitea gomendatu zidan. Ez nion kasurik egin, eta joan egin nintzen. Aizkorrira iritsi nintzen, baina Urbiatik aurrera izugarrizko miseriak pasatu nituen. Ez nuen indarrik, txikituta nengoen. Urtea 2016ko apirilean amaitu nuen. Arrasate-Udalatx lasterketaren aurreko egun batean, korrika egitera irten eta etxera oinez itzuli behar izan nuen. Fisioterapeutarekin denbora batean probatu ostean, hark jada ezin zuela gehiago egin eta erresonantzia bat egitera bidali ninduen. Proba haietan atera zen estresagatik zela haustura. Nik, hala ere, zera esan nion medikuari: «Oraindik ere posible izango al dut Zegama-Aizkorri korritzea?». Harridura aurpegiarekin esan zidan bost hilabetez geldirik egon beharko nuela. Izugarrizko kolpea jaso nuen. Argi esan zidan zergatik zen: ez nuelako ezer jaten. Ezer ez nuen: ez gantzik, ez giharrik…

2017an, Pagoeta Mendi Lasterketa irabazi zueneko irudia (Aritz Mutiozabal)



Ingurukoek zer esaten zizuten?
Inguruko askok esan zidaten kilo batzuk hartu behar nituela, eta nik baietz, hartuko nituela, baina kasurik ez. Belarri batetik sartu eta bestetik irteten zitzaidan. Badut 2015eko argazki bat, Italian, orduan oraindik ere gizen ikusten nintzena. Orain, argazki hura ikusita, hotzikara sartzen zait. Orduan, ordea, horretarako bakarrik bizi nintzen; jateko orduan korrika egiten nuen. Ez nuen besterik. Osasunez ere ez nengoen itxuroso.

Lasterketetan irabazten hastea eta jateari uztea, dena batera etorri al zen?
Lehen lagunarteko bazkarietara ez joateko edozer gauza egin nezakeen. Orain, berriz, arraunean, estropadak amaitu eta bazkaltzen gelditzeko ez dut arazorik, ez dut beldurrik edozein plateren aurrean jartzeko. Orain, askotan, ogitarteko eder bat jatea izugarria iruditzen zait. Gorbeia Suziengo lasterketa amaituta, pasta plater bat jan nuen lasai-lasai. Han egon nintzen azkeneko aldian, aldiz, proba amaituta sagar bat besterik ez nuen jan. Pentsa buruak zer lan egiten duen.

Gorputza muturreraino eraman duen kirolari asko ezagutu al duzu?
Batzuk bai. Urteren batean batzuk izan ginen nahiko egoera berdintsuan ibili ginenak. Obsesio hori ez da korrika azkar eta arin ibiltzeko soilik, nahiz eta helburua hori den, baina zein ondorio izan ditzakeen ez zara kontziente. Emakume askok bezala, nik ere hilerokoa galdu nuen. Ez da gai horretaz hitz egiten, baina uste dut oso kontuan eduki beharreko gauza bat dela. Goi mailako kirol guztietan dagoen arazoa da hilerokoa galtzearena. Nik, hasieran, ondo eta dena ikusten nuen, pentsatzen nuelako jada amaitu zirela tripetako minak, egun txarrak; beraz, topera nengoela korrika egiteko. Inozoa ni! Medikuak argi esan zidan zergatia, ez nuela gutxieneko pisurik, eta berriro ere errekuperatu nahi banuen, pisua eta gantza berreskuratu beharko nituela. Lau urte pasatu nituen hilerokorik gabe. Indartu naizenean itzuli zait.

Iazko Euskal Herria Mendi Erronka lasterketa bigarren postuan amaitu zenuen, bazirudien berriro ere itzuliko zinela.
Alde batetik, Euskal Selekzioaren kamisetarekin ez irteteak lasaiago joateko aukera ematen zidan, ordurako ez nintzen taldekoa. Ohore bat izan zen niretzat selekzioko partaide izatea, baina horrek gainkarga bat ere badu, eta alde horretatik asko eskertu nuen, lasaiago ibili nintzen. Kamiseta urdina janzteak irabaztea eskatzen zidan, eta askotan bigarren izateak ere ez zuen balio.

Obsesioa aipatuta. Irabazteak ere obsesionatzen al zintuen? Jendeak hori espero al zuen?
Bai, eta jendearen esamesek ere min handia ematen zidaten. Anemiarekin nengoenean ere gauza asko aipatzen zizkidaten. Zuloa handiagotu egiten zidaten, eta lasterketa askotatik etxera negarrez ere itzultzen nintzen. Jendeak esaten zidan ez zuela merezi horrela egoteak, ez nintzela honetaz bizi, baina ni itsututa nengoen. Neure burua asko zigortzen nuen.

Zenbateraino?
Adibide gisa, 2015eko Zegama-Aizkorri jarriko nuke. Anemiarekin nengoen eta oso gaizki bukatu nuen, aurrez esan bezala. Hala ere, hurrengo egunean, korrika 20 kilometro egitera behartu nuen gorputza neure burua zigortzeko. Euritan blai ibili nintzen, baina neure buruari esan nion amaitzean, «orain bai, bakea!».

Kanpoko laguntzarik behar izan al duzu?
Bai, aurten konturatu naiz beharrezkoa nuela. Arraunak begiak ireki dizkit. Nutrizionista bat jarri ziguten, eta egun batean zer jaten nuen idazteko eskatu zidan. Neure buruari galdezka hasi nintzen, ea zer jarri behar nuen: jaten nuena edo jan beharko nukeena. Zalantzak izan nituen, baina jaten nuena idatzi nuen. Hura irakurri orduko, horrela arraunean ezin nuela egin esan zidan, baina ez arraunean bakarrik, korrika ere ezin nuela egin. Hor hasi nintzen dena husten, eta ohartu nintzen ezin nuela horrela jarraitu, laguntza behar nuela. Urte askotan isilik eraman dut hau dena, orain hasi naiz korapiloa askatzen.

Irigoien, udan Lekeition irabazi zuten banderarekin, gustura taldean (Zumaiako Arraun Elkartea)


Zertan lagundu dizu?
Nutrizionistarekin lehen aldiz hitz egin nuenean hustu nintzen aurrenekoz. Ordura arte ez nion inori ezer kontatu. Mugan egon naiz denbora askoan… Oraindik ez dakit nolatan, baina hortik ateratzeko indarra izan nuen orduan. Burugogorra naiz, eta uste dut horregatik ez nintzela egoera okerrago batean erori. Aurten izan da pausoa emateko garaia, konturatu nintzen bakarrik ezin nuela, laguntza neutro bat behar nuen. Nutrizionistak esan zidan egun batean: «Orain da barrua husteko garaia, begiak ireki dituzu». Ikaragarri kostatu zitzaidan, baina ikaragarri lagundu dit.

Orain, ordea, berriro mendian korrika hasi zara: Gorbeia Suzien egin duzu. Nolakoa izan da itzulera?
Bertan egon nintzen azkeneko aldiarekin alderatuta, asko gozatu nuen. Betiko urduritasunarekin nengoen bezperan, baina behin proba hasita betiko moduan atera nintzen: dena ematera. Bosgarren kilometroan, Maioraren aurretik nintzen, pentsa! [barrezka]. Arraun denboraldia amaitu ondoren, bi aste bakarrik izan nituen prestatzeko, eta lasterketa oso luzea egin zitzaidan. Azkenean, hamairugarren amaitu nuen.

Barne terapiarako ere balioko zizun berriro itzultzeak.
Bai. Mendiarekin erdi haserre amaitu nuen, baina mendiak ez zuen errurik. Gorbeian parte hartzeko asmoa azaldu nion psikologoari, eta berak esan zidan oso aukera ona zela. Blokeoa apurtzeko garaia zen. Lehen egiten nuen kirolera itzuliko nintzen, baina beste gorputz batekin. Besteek zer pentsatuko zuten beldurra ere banuen. Asko-
rentzat ni han azaltzea sorpresa izan zen. Azken unera arte zalantza askorekin egon nintzen, joan ala ez. Hala ere, konplexuei aurre egiten ikasten ari naiz, lehen egiten ez nuen bezala. Mendiarekin bakeak egin ditut.

Jendearen zeresanak beldurra ematen al zizun?
Bai, bai. Askok pentsatuko zuten azkenalditik mejoria ederra eginda nengoela, eta niri hitz horrek oraindik ere min handia ematen dit. Orain dena onartzen ari naiz, eta arraunlarien artean ere ez naiz batere gaizki ikusten. Arraunean, hilean behin pisua kontrolatzen digute, eta oraindik ere oso gogorra egiten zait baskularen aurrean jartzea, zenbakiek beldurra ematen didate. Mamu horiek uxatu ditudan arren, tarteka bisitak egiten dizkidate, prozesu geldoa da.

Zer eman dizu mendiak?
Ezagutu dudan jendea, batik bat. Jende bikaina ezagutu dut. Gorbeiako proban horietako batzuekin berriro elkartzeak ilusioa egin zidan. Oso oroitzapen onak ditut, selekzioan ibilitako urteak… Asko gozatu dut. Mendia zein itsasoa, biak maite ditut.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide