Datorren urterako udal tasak eta zergak izoztea proposatu zuen Udal Gobernuak (EH Bildu) joan den ostegunean egindako ezohiko udalbatzarrean. Horretarako kontuan hartu dute aurtengo KPIaren igoera oso txikia izango dela. Etxebizitza hutsei eta ezohikoei %50eko errekargua ezarriko zaie aurten ere. Salbuespen bat izango da, ordea: urtean 1.300 kwko elektrizitate kontsumoa frogatzen duten etxebizitzen jabeei errekargo hori kenduko zaie.
Eraikinen fatxaden obren inguruko ordenantzan ere aldaketak egitea aztertu zuten, "ordenantza horretan zehaztutakoak ez zirelako bateragarriak gai honen inguruan Foru arauak dioenarekin". Hala, Zumaiako herriarentzat interes berezikoak diren konponketak edo obrak zein diren zehaztuko dituzte. Horrela, efizientzia energetikoa dakarten obren kasuan %95eko hobaria ezartzea onartu dute. Kopuru bereko hobaria ezarriko zaie "ahalik eta egoera onenean egotea" helburu duten lanei, "itxura, babesa, zein kalitateari dagokionez".
Interes berezikoak jo zituzten, baita ere, baserrietako eta merkataritza txikiko obrak, biak ere, %95eko hobariarekin.
EAJk positibotzat jo zuen ordenantzen proposamena, eta aldeko botoa iragarri zuen. Udalbatzak onartu zuen ekarpen bat ere egin dute jeltzaleek: trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergan, familia ugariei dagokien hobaria 14 zaldietara ez mugatzea. "Izan ere, familia ugariek behar izaten dituzten ibilgailu motek, dituzten ezaugarriengatik, 14 zaldiko muga hori gainditzen dute maiz". Bai EAJren ekarpena, baita ordenantzak ere bere osotasunean aho batez onartu zituen Udalbatzak, hamabost botorekin.
Kirol Patronatua
Eztabaida biziagoa izan zen udalbatzarreko gai zerrendako azkena aztertzerako orduan: Kirol Patronaturako beste langile bat kontratatzea, hain zuzen ere. Fran Aizpurua Kirol teknikaria apirilean jubilatu zen, eta haren lekua betetzeko pertsona bat kontratatu zuen orduko Udal Gobernuak. Lan hitzarmen hori agortu da, eta lanpostua lehiaketa publiko bidez beteko dute. Bitartean, lan poltsatik beteko dute lanpostu hori.
Udal Gobernuak adierazi zuenez, "postu horretarako lanpostuaren eginbeharrak eta ardurak kontuan izanda, batez ere kirol elkarteen, eskola kirolaren eta herrian antolatzen diren proba guztien koordinazioa izanda, lanpostuaren profila aldatu egingo da, eta kirol titulazioa eskatuko da: lizentziatura edo gradua".
EAJ eskakizun horren aurka agertu zen, "sortu nahi den kirol teknikariaren lanpostu berria justifikatzeko, Kirol Patronatuko kudeatzaileak egindako txostenak jasotzen dituen betebeharrak, hein handi batean, kudeatzailearen postua sortu zenean postu horri zegozkionak ziren. Funtzioak, beraz, bikoiztuta egongo lirateke".
PSE-EEko bozeramaileak hasieran aldeko botoa emateko asmoa zuela esan zuen, baina entzundakoaren ondoren abstenitu egin zen.
Proposamena EH Bilduren aldeko botoekin onartu zen (8); EAJk kontra egin zuen (6) eta PSE-EE abstenitu egin zen.