Klarinete doinuak entzungo dira Zumaian azaroaren 27tik abenduaren 1era bitartean. XVIII. Klarinete Maratoia egingo da egun horietan, eta, ohikoa den bezala, ikastaroak eta kontzertuak izango dira.
Klarinete Maratoia Zumaian antolatzen den hezkuntza-egitasmo orijinal bat da. 2002an sortu zuten, klarinetea sustatzeko eta instrumentu horren irakaskuntza helburu nagusi hartuta. Hamazazpi maratoien ondoren, ekimenak oinarri sendoak ditu. Horren erakusle da urte hauetan guztietan 900dik gora ikaslek parte hartu dutela.
Azken urte hauetan Sapere Aude Sinfoniettak antolatu du Maratoia. Aldatu ez dena ikastaroen arduraduna da: Carlos Casado klarinete jotzaile valentziarra eta Espainiako Orkestrako kidea. Berak zuzenduko ditu taldekako eta bakarkako klaseak aurten ere. Horrez gain, Ainhoa Miranda musikari gasteiztarrak Alexander teknikaren inguruko saioak eskainiko ditu. Teknika honek tentsioak, bizkarreko minak sortzen dituen jarrera txarrak, giharreko lesioak edota ahots arazoak lantzen ditu.
Berrikuntza gisa, Urval Ensemble klarinete laukoteak workshop bat eskainiko du. Laukote laborategi bat gidatuko dute taldekideek. Ikastaroetarako izen ematea zabalik dago www.sapereaudesinfonietta.com atarian.
Kontzertuak
Alde pedagogikoaz gainera, izango dira aurten ere kontzertuak. Hala, azaroaren 27an ikasleen emanaldia izango da. Azaroaren 28an pintxo pote musikala egingo da Mari kalean, Valentin Manterola margolariaren estudioan. Azaroaren 29an, haurrentzako kontzertua izango da Alondegian, eta azaroaren 30ean, klarinete laukoteen kontzertua, komentuan. Amaitzeko, abenduaren 1ean, bi saio izango dira: eguerdian, ikasleen amaierako kontzertua Zumaienako aretoan, eta literaturari buruzko hitzaldia eta ganbera musikako kontzertua, arratsaldean.