Altsasuko gazteei ezarritako epaia salatu dute Urola Kostako ehunka lagunek

Urola Kostako Hitza 2019ko urriaren 11

Espainiako Auzitegi Gorenak asteazkenean jakinarazi zuen Altsasuko gazteen epaia, eta kartzelan dauden zazpi gazteek preso segitu beharko dute, nahiz eta auzitegi horrek espetxe zigor urteak jaitsi dizkien. Erabaki hori salatzeko, kalera atera ziren atzo Urola Kostako ehunka lagun. Azkoitian, Azpeitian eta Zumaian elkarretaratzeak egin zituzten, Altsasukoak aske! lelopean.

Irailaren 18an izan zen Espainiako Auzitegi Nazionalak emandako epaiaren aurka aurkeztutako helegitea aztertzeko auzi saioa Auzitegi Gorenean, eta asteazkenean jakinarazi zuen sententzia auzitegi horrek: zazpi laguni hiru urte eta erdi eta bederatzi urte eta erdi arteko zigorrak ezarri dizkie Gorenak; bi urteko espetxe zigorra ezarri zioten baina aske zegoen lagunari, berriz, zerbait murriztu dio zigorra auzitegiak. Informazio osatua, Berria.eus-en.

Atzoko elkarretaratzeez gain, Orioko bizilagunek gaur salatuko dute epai berria. Elkarretaratzea 20:00etan hasiko da, Orioko plazan.

Azpeitia. Zumaia. Azkoitia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide