Espainiako Auzitegi Gorenak atzo jakinarazi zuen Altsasuko gazteen epaia, eta kartzelan dauden zazpi gazteek preso segitu beharko dute, nahiz eta auzitegi horrek espetxe zigor urteak jaitsi dizkien. Irailaren 18an izan zen Espainiako Auzitegi Nazionalak emandako epaiaren aurka aurkeztutako helegitea aztertzeko auzi saioa Auzitegi Gorenean, eta atzo jakinarazi zuen sententzia auzitegi horrek: zazpi laguni hiru urte eta erdi eta bederatzi urte eta erdi arteko zigorrak ezarri dizkie Gorenak; bi urteko espetxe zigorra ezarri zioten baina aske zegoen lagunari, berriz, zerbait murriztu dio zigorra auzitegiak. Informazio osatua, Berria.eus-en.
Gorenaren erabakia salatzeko hainbat protesta deitu dute eskualdean.
Azkoitian, Altsasukoak aske! lelopean egingo dute "muntaia poliziala, mediatikoa eta judiziala" salatzeko kontzentrazioa, 19:00etan hasita, plazan.
Azpeitian, elkarretaratzea izango da gaur, osteguna, plazan. Hain zuzen ere, Gazteok Altsasurekin! lelopean egingo dute "muntaia poliziala" salatzeko kontzentrazioa, 19:00etan hasita.
Zumaian, Erribera kalean egingo dute protesta, Magnolio aurrean, gaur, 19:00etan.
Orion, bihar, ostirala, egingo dute elkarretaratzea, 20:00etan, plazan.