Egun bat atzeratu eta larunbatetik igandera, urriaren 19tik 20ra, aldatu dute Arroako bidegorriaren aldeko aurtengo martxa. Larunbatean baino igandean martxan parte hartzea "jende gehiagok posible izango duelakoan" hartu du erabakia Bidegorriaren Aldeko Taldeak.
11:30ean aterako dira Zestoatik eta Zumaiatik martxa osatuko duten bi zutabeak; Zestoakoa aurten Gurutzetik aterako dela nabarmendu nahi izan dute antolatzaileek, eta ez Lasaotik, "Lasao-Zestoa arazoari konponbidea eman zaiolako". 12:00etan pasatuko dira Iraetatik Zestoako zutabea eta Narrondotik Zumaiakoa, eta bi zutabeek 12:30ean egingo dute bat Arroako autobideko sarrerako biribilgunean. Han ekitaldia eginda, festa giroan borobilduko dute martxa Arroabean, pintxoekin eta musikarekin.
Aurrekoak bezala, Herriak lotu, bidegorria amaitu leloarekin egingo dute hilaren 20ko mobilizazio aldarrikatzailea, Urolako Bide Berdea osatzeko falta den Iraeta eta Narrondo arteko bidegorri zatiaren lanak lehenbailehen has daitezen eskatzeko. Arropa gorriak soinean dituztela azaltzeko eskatu diete antolatzaileek parte hartzaileei. Aurreratu dute, era berean, aurten ere Zestoako Udalak Arroatik Zestoara bizikletak garraiatzeko zerbitzua jarriko duela Zestoatik abiatuta parte hartzen dutenentzat, garraoi publikoan edota kotxeetan itzultzea aukeratzen dutenen kasurako.