Zumaiako Surf eta Bodyboard txapelketa jokatuko da bihar

Izaskun Urbieta Esnal 2019ko urriaren 4a

Bihar goizean kanporaketen txanda izango da, eta arratsaldean finalak jokatzea espero dute antolatzaileek. Izen ematea Spot dendan egin behar da, eta gaur da azkenengo eguna

Zumaiako Surf eta Bodyboard txapelketaren 20. edizioa jokatuko da bihar Itzurunen. Badira urte batzuk urteko sasoi honetan antolatzen dela txapelketa, baina txapelketaren aurreneko urteetan santelmoetan jokatu izan zen, hala azaldu du Ander Odriozolak Ziske taldeko kideak.

Txapelketak urteurren biribila bete arren, ezer berezirik egiteko asmorik ez dute antolatzaileek, baina beti bezala "lagunartean ongi pasatzeko eguna" izango dela nabarmendu du Ziskek. Iaz bezala, surf, bodyboard, paddle eta long modalitateak jokatuko dira. "Surfari dagokionez, open, master +35, 18 urtez azpikoak eta emakumezkoak egongo dira. Bodyboardean, berriz, open, master +35 eta 18 urtez azpikoak", zehaztu du Odriozolak. Maila bakoitzean lau partaidek egon beharko dute, gutxienez. "Emakumezkoetan salbuespena egin genuen iaz, eta hiru surflari lehiatu ziren. Gero eta emakume gehiagok egiten du surfa herrian, baina txapelketan parte hartzera ez dira animatzen, eta pena da".

Paddleko eta long boardeko lehiak batera jokatuko dira. "Izen ematea gaur eguerdira arte egongo da zabalik Spot dendan, eta baldintza bakarra izango da parte hartzeko: Ziskeko kidea izatea. Hori bai, pertsona bakoitzak gehienez bi modalitatetan parte hartu ahal izango du".

Maila polita
Iazko txapelketan 50-60 pertsona inguruk eman zuten izena, eta aurten ere beste hainbestek parte hartzea espero dute. "Herrian 110 bat pertsona arituko
dira surfean, eta horietatik erdiak edo izen ematen dute txapelketan".

Txapelketa egun bakarrean jokatzea aurreikusten du Odriozolak: bihar goizean kanporaketak eta arratsalde-iluntzean finala. Eguraldiari eta itsasoari dagokionez iragarpen ona dago emanda biharko. "Metro eta erdiko olatuak espero dira, ez dira handiak ezta txikiak ere, baina egokiak dira. Azkenean, disfrutatzeko egun bat da eta olatu horiekin nahikoa da", nabarmendu du Odriozolak.

Urtero maila polita izaten dela azpimarratu du, eta bihar ere horrela izatea espero du. "Bodyboardean maila ona dago Zumaian, eta surfean ere gero eta hobea. Urtero saltsa egoten da, eta hala espero dugu aurtengo edizioan ere. Gainera, Alex Uranga hemendik dabil, eta ziur aski parte hartuko du, beraz, bodyboardean, batez ere, lehia bizia egongo da".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide