Jon Kareaga: "Kontsumo iraunkorra bultzatzea ondo dago, baina arazoaren muinera iritsi behar dugu"

Amaia Urbieta Arruti 2019ko urriaren 3a

Asteleheneko goizeko 09:00etatik Donostiako Zara arropa denda ezagunaren atarian dago Jon Kareaga zumaiarra, kartoizko hainbat kartel aldarrikatzailez inguratuta. 'I'm sitting for climate justice' (klima justiziaren alde nago hemen) eta 'Fuck fast fashion' (pikutara moda azkarra) bezalako mezuak ditu idatzirik kartoizko karteletan.

Donostiako saltoki handiaren aurrean dago Kareaga egunotan. (Utzitakoa)

Kareagaren asmoa bihar arte bertan geratzea da. 21 urte besterik ez baditu ere, bere printzipioak irmo defendatzen ditu, eta garbi dauka planetaren suntsiketaren iturburua sistema kapitalista dela. Made in, Made for dokumentala kaleratu zuen udan eta, hain zuzen, oihal industriari egindako kritika da ikus-entzunezkoa.

Zeren aurkakoa da zure protesta, zehazki?

Orokorrean, sistema kapitalista honen aurkakoa. Gaur egungo injustizia sozialak ikusita, guztien oinarria horixe da. Fast fashion moda ez da jasangarria, eta ikusi nuenean zer ezkutatzen zen marka hauen atzean amorru eta inpotentzia handia sentitu nituenez, hau egitea erabaki nuen.

Asiako hainbat herrialdetan izan zara eta ikusi duzu oihal industriak nola funtzionatzen duen.

Asiako hainbat herrialdetan izan naiz bai, tartean Bangladeshen, moda industriaren inguruko dokumental bat grabatzen. Oihal industriak pertsona horiengan duen eragina agertzen da dokumentalean, eta han hartutako irudiak ez ziren batere politak. Han sortu zen nire inpotentzia eta gauzak aldatzeko grina.

Zer ikusi zenuen han, bada?

Banekien langile asko ikusiko nituela oso egoera kaskarrean lanean, umeak ere ikusi nituen. Hori ez zen izan gehien harritu ninduena, ordea. Gehien harritu ninduena izan zen nire burua han ikustea. Mendebaldeko pertsona bat, 10.000 kilometro egin dituena hegazkinez inongo arazorik gabe pertsona horren aurrean egoteko, eta pertsona hori grabatzeko. Ohartu nintzen metro karratu batean zenbat injustizia sozial zegoen, eta horrek talka handia eragin zidan. Nik denetarik daukat, neurri batean, oso erraza da nire bizitza. Munduaren beste puntan zeuden pertsona horiek, berriz, biziraun baino ez dute egiten, guk erosten dugun horrekin.

Egoera paradoxiko samarrean topatu zenuen zure burua.

Bai, hori da. Kontraesan asko izan nituen eta oso gaizki sentitu nintzen. Ni grabatzen ari nintzela eszena bat imajinatu nuen: hirugarren pertsonan ikusten nuen pertsona bat langile hori grabatzen, eta egoera latza iruditu zitzaidan.

Hausnarketa horietatik erabaki zenuen zerbait egitea.

Bai, hori da. Hiru helburu nagusi ditut. Lehenik, kritika egin nahi diot egun gauzak produzitzeko dugun sistemari eta moda industriari. Bigarren helburua izango litzateke dirua lortzea Bangladeshera itzuli eta bertan tailer sozial bat eraikitzeko, eta hirugarrena, elkarrizketa bat grabatzea Inditexeko arduradunen batekin. Bidaia honetan kontaktuan egon naiz Primark, Inditex eta H&M bezalako enpresekin eta ez dut lortu harremanetan jartzerik haietako arduradunekin. Ez dute nahi nirekin hitz egin. Nik beraien aurrean eseri nahi dut eta azal diezadatela zein den hau guztia konpontzeko beraien asmoa.

Zein helbururekin elkarrizketatu nahi dituzu marka ezagunetako arduradunak?

Egoeraren alde bat ikusi dut dagoeneko, badakit zer eragin daukan egiten dutenak. Orain ikusi nahi dut hori konpontzeko beraien asmoa zein den, eta esaten dutena grabatua izan dadin nahi dut, dokumentalean jartzeko eta gaiaren beste ikuspuntu bat edukitzeko. Dokumentalean kritika egiten diot Fast Fashion-ari, hortaz, beste ikuspuntua nahi dut txertatu dokumentalean.

'Fast fashion' diozunean zertaz ari zara zehazki?

Produzitzeko modu bat da Fast Fashion-a. Masiboki produzitzen da eta kontsumo masibo batean oinarritzen da etekin ekonomikoak lortzeko. Ez da jasangarria inondik inora, horrek lortzen du pertsonok armairua bete-bete eginda edukitzea, eta kontsumo konpultsiboan oinarritzen den sistema bat da. Horrek inoiz ezingo du jasangarria izan ez ingurumenarekiko ezta gizartearekiko ere.

Gizartea prest ikusten al duzu honi aurre egiteko?

Ez dakit. Izatez nik ere ez dakit aldaketa nola eragingo nukeen. Egia da iraultza handi bat behar-beharrezkoa dela, gauza asko-asko aldatu beharko liratekeela. Nire helburua ez da sistema aldatzea, sistemari kritika egitea baizik. Jendeari ohartaraztea sistema honek ez gaituela eramango inora, ezer onik ez digula ekarriko.

Ez zara mota honetako aldaketak proposatzen dituen bakarra. Instituzioek ere sentsibilizazio kanpaina asko bultzatzen dituzte kontsumo eredugarria bultzatuz. Zein da zure iritzia horien inguruan?

Nik uste dut hori ondo dagoela, jendea gaiaren barruan sartu eta kontzientziatu egiten delako. Gaiaz gero eta gehiago dakigu, eta hausnartzeak soilik eraman gaitzake benetan arazoa non dagoen ikustera. Kanpaina horiek prozesuaren parte direla uste dut, baina horrez gain, hausnarketa sakon bat egin behar dugu norbanako guztiok. Kontsumo jasangarria bultzatzea oso ondo dago, baina zein da benetako arazoa? Hausnarketa hori egin ostean ohartuko gara sistema bera dela arazoa eta hori dela aldatu behar dena gizarte zein klima injustiziak buka daitezen.

21 urte dituzu. Beti esaten da gazteek idealismo utopikorako joera dutela.

Beti eduki dut harreman oso estua naturarekin eta ez dut bilatu inoiz zoriontasuna gauza materialetan. Lurra horren erritmo bizian suntsitzen ari garela ikusteak eta horrek animalietan eta ekosistemetan dituen ondorioez ohartzean jabetzen naiz aldaketa egin behar dugula lehenbailehen. Bestela, ez dugu mundu on bat utziko. Agian, ezta mundurik ere.

Fridays For Future mugimenduarekin bat egiten duzu?

Bai, ni Fridays For Future mugimenduko koordinatzaileetako bat naiz. Uste dut lan handia egiten ari dela. Agian jende gehiago erakarritakoan urrats bat aurrera eman behar dugu. Orain jendea erakartzen ari gara eta mezuarekin ez dugu horren muturrekoak izan nahi. Behin jende gehiago lortzen dugunean eta igorri nahi dugun mezua argi dugunean, urrats bat aurrera ematea da asmoa, eta ikusten joatea aldaketarako estrategia zein izan daitekeen.

Orduan, esango zenuke Fridays For Future kapitalismoaren aurkako mugimendua dela?

Nazioarteko mugimenduaz ez nintzateke hori esatera ausartuko, mugimendu hau leku askotan ari baita indartzen. Espainian, ordea, argi daukagu mugimendu antikapitalista garela. Produkzio bideak aldatu behar direla uste dugu eta ingurumen eta gizarte arazoak sistema kapitalistak eraginak direla garbi dugu.

Dena den, ulertu beharra dago mugimendu hau oinarri ideologiko eta politikorik gabekoa dela. Guztia hasi zen hamasei urteko pertsona bat [Greta Thunberg] Stockholmgo kongresuko kideen aurrean jarri zenean. Egoerak larrituta gauzkan pertsonak gara eta aldaketa bat eskatzen dugu. Presioa egiteko mugimendua da, ez gara ekonomialariak, antropologoak, ezta politikariak ere. Gainera, orokorrean, mugimenduan dabilen jendea oso gaztea da. Batazbeste hamasei urte inguruko jendeak osatzen du Donostiako taldea.

Fridays For Future-n filosofia ulertzea nahikoa zaila izan da niretzat, kontraesan handiak ikusten ditudalako. Nik Gretangan sinesten dut, uste dut hor dagoela mundua salbatu nahi duelako, baina sistema Gretaren irudia materializatzen dabil. Dena den, Fridays For Future mugimendua materializazio horretaz kontziente den bitartean uste dut ez dela arazorik egongo.

Materializatzearekin esan nahi dut sistema ohartuko dela Gretaren ahotsa entzuten duela jendeak, eta bere irudia bereganatuko duela. Alegia, kapitalismo berdeari bide emateko tresna izan daiteke, eta horretaz kontziente bagara ere, hausnarketa asko egin beharrean gaude Fridays For Future mugimenduaren barruan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide