Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak agintaldi honetako lehen batzar nagusia egingo du larunbat honetan, Getarian. 86 udalerri euskaldun biltzen ditu gaur egun UEMAk, 245.000 lagunetik gorako lurralde euskalduna osatuz.
Josu Labaka Azpeitiko Udaleko zinegotzia izan da lau urteotan UEMAko lehendakaria, baina ez du karguan jarraituko, eta beraz, lehendakari berria izendatuko dute larunbateko bilkuran. Gainera, agintaldi berriari hasiera emateko, ohi bezala, Zuzendaritza Batzorde berria ere hautatuko dute batzar nagusian, eta lehendakaria eta batzordeko kideak izango dira UEMAren hurrengo lau urteotako jarduna gidatuko dutenak.
Batzarra Getarian egingo dute, Iturzaeta eskolan, 10:00etan. Getaria, Aizarnazabal, Azpeitia, Errezil, Orio, Beizama, Zarautz, Zestoa eta Zumaia UEMAko kide dira; Aia eta Azkoitia, berriz, ez.