Fernando Mardones artista bilbotarrak lehen aldiz erakutsiko du bere lana Zumaian, nahiz eta bakarka egingo duen 22. erakusketa izan Zumaiakoa.
Formak du izena pintura erakusketak, eta gaurtik urriaren 13ra bitartean egongo da zabalik, Oxford aretoan. Laupabost serierekin osatutako lana da. "Pintura lan honek ez du bereziki ezer irudikatu nahi. Kromatismoa eta formak lantzea izan da bilatu dudana, eta horren inguruan garatu dut obra hau", adierazi du Mardonesek.
Bere lana erakustea eta ezagutaraztea du helburu Mardonesek. "Jendartean zer inpaktu edo harrera sortzen duen interesatzen zait. Iritziak bilatzen ditut; askotan ikuslearen pentsaerak ez datoz bat artistaren ideiekin eta hori interesgarria da. Are gehiago nirea bezalako lanetan, hau da, errealismotik urruti daudenetan".
Formak erakusketako obra guztiak pintura dira, paper gainean egindako marrazkiak, hain zuzen ere. "Grabatuak egiten ditut lehendabizi, eta horien gainean papera jarri eta margotu egiten dut. Azkenean, trazuarekin, testurarekin eta kolorearekin esperimentatu dut", kontatu du.