Ekain Albiteren ‘Erroitz’ film laburra eskainiko dute gaur Aita Mari aretoan

Izaskun Urbieta Esnal 2019ko ira. 26a, 10:44

Zumaiarrarekin batera aurrestreinaldian egongo dira Inaxio Tolosa, Esti Curiel eta Agurtzane Intxaurraga pelikulako aktoreak. 19:30ean hasiko da eta sarrera doakoa izango da.

Aurrestreinaldirako "gogotsu eta ilusioarekin" dago Ekain Albite zinema zuzendari gaztea. "Nahiz eta aurretik lan batzuk egin ditudan, ofizialki Erroitz film laburra da nire aurreneko lana", azaldu du. Bartzelonako ESCAC zinema eskolan ikasten du zumaiarrak, eta hain zuzen, eskolarako egin behar zuen lana da gaur aurkeztuko duen filma. "Eskolako lana aitzakia moduan hartu eta zerbait handiagoa egitea pentsatu genuen nire taldekideek eta nik", azaldu du.

Guztia arrotza den etxe bate- an, Mirenen itzuleraren gorabeherak kontatzen ditu filmak. "Mirenen itzulera ikusiko dute ikusleek, eta azkar nabarituko dute itzulera horretan zerbait arraroa dagoela. Ez dute jakingo nondik itzuli den, zer gertatzen den bere gurasoekin... Hala, Mirenekin batera jakingo dute zer gertatu den, zergatik joan den... Film laburrak pixkanaka ezagutuko diren aurkikuntzekin jokatuko du, eta ikusleek erantzuna bertan aurkituko dute", kontatu du zuzendariak.

Mirenen papera Esti Curielek egiten du, eta haren gurasoena, berriz, Inaxio Tolosak eta Agurtzane Intxaurragak. "Gauza bat argi nuen: ezagutzen nituen aktoreekin lan egitea. Azkenean, errazagoa da bai ikuspuntuak elkarbanatzeko, baita grabazioko kontuak eztabaidatzeko ere. Esti eta Inaxio nire antzerkiko irakasleak izan ziren, eta Agurtzanerekin aurretik ere lan egindakoa naiz».

Etxea protagonista

Filma egitea taldelana izan den arren, gidoia Albitek eta Bartzelonako bere lagun batek idatzi dute. Zuzendari lana, berriz, zumaiarrarena izan da. Istorioa Bergarako etxe batean gertatzen da, eta etxe horrek pelikulan duen indarra nabarmena da. "Beste protagonista bat dela esan daiteke". Estetika aldetik, kontatu nahi den familiako giro arrotza girotzeko asko balio duen lekua da. "Pertsonaien istorioaz gain, etxe horretan nola pasa den denbora eta gurasoak etxearekin zahartzen joan direla ikusiko da. Etxeak badu nolabait misterio hori eta pelikularen zati garrantzitsua da".

Italiako FSN jaialdian

Duela pare bat aste, zinema eskolen arteko topaketa batean erakutsi zuten filma Italian. "Bartzelonako eskolatik beste bi film laburrekin batera, gurea izan zen aukeratua. Oso gustura geunden aukeratu zutelako, baita jaialdian izandako harrerarekin ere".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide