Jai giroa izan da nagusi Olarro Eguneko lehen orduetan

Baleike 2019ko irailaren 21a

Goizeko 10:30erako hasi dira Olarro Egunaren bueltan antolatutako ekitaldiak. Etxeko txikienek uretako jolasekin gozatzeko aukera izan dute arranplan, Itxas-Gainen eskutik. Herriko txoko ezberdinetan jarritako postuak ere goiz jarri dituzte martxan herriko eragileek. Besteak beste, olagarro brotxetak eta olagarro zopa banatu dute. Nolanahi ere, olagarroa prestatzeko era ugari badela erakutsi dute Torreberriko aterpean, sukaldaritza erakustaldian. Hain zuzen ere, lau errezeta prestatu dituzte zuzenean, eta platerak dastatu dituzte ondoren bertaratu direnek. 

Ohi bezala, olagarro harrapatzaile izandakoei omenaldi txikia egin diete Pulpo elkartean. Ordu berean irten dira txistulariak kaleak alaitzera, eta Astindukoen eskutik, plaza dantzak izan dira herriko kaleetan zehar. Beheko plazan jarraituko du festak: urtero bezala, ehunka lagun bilduko da olagarroa protagonista izango duen bazkari herrikoiaz gozatzera.

Argazki guztiak ikusteko, jo Baleike.eus-era.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide