Zumaiako Gertu Merkatari eta Ostalaritza elkarteak azken hamar hilabeteetan esku artean izan duen proiektua aurkeztu du: Zumaia Visa txartel berria. "2018ko azaroan, Gertu elkarteko bazkideok egin genuen ez ohiko batzarrean adostu genuen txartel berri bat nahi genuela elkarterako. Esfortzu eta denbora asko eraman digu proiektu honek, baina gaur esan dezakegu helburua bete dugula", azpimarratu du Ane Agirrebeña elkarteko lehendakariak txartelaren aurkezpenean.
Txartelaren egitasmoarekin herriko merkataritza bultzatu nahi dute. "Sinisten dugu herriko merkataritzaren batasunean. Batasun hori herriaren ongizatea eta bizi-kalitatea lortzeko tresna garrantzitsua da".
Herritarren atxikimendua
Zumaia Visa txartel berriaren proiektuan parte hartu dute Gertuk, herriko saltokiek, Nafarroako Rural Kutxak eta herritarrek. Azken horietan jarri du fokua Lore Garciarena elkarteko teknikariak. "Gure esperantza da herritarrak proiektu honetara gehitzea, horretarako txartela eskatuz eta erabiliz. Gainera, orain arte moduan, abantaila ekonomikoak jarriko ditugu beraientzat: beherapenak, erosketa bonoak, opariak, sariak…", azaldu du. Bide batez, elkarteko kide ez diren saltokiak ere parte hartzera gonbidatu dituzte.
Nafarroako Rural Kutxako bi ordezkari ere izan dira aurkezpen ekitaldian eta horiek txartelaren ezaugarriak azaldu dituzte: txartel horrek ez du titularrarentzako gastu gehigarririk
izango; munduko edozein lekutan egin daitezke erosketak baita dirua atera ere; ez da derrigorrezkoa izango Rural Kutxako bezeroa izatea; erosketak hiru hilabetetan ordaindu daitezke inolako interesik gabe; iruzurreko erabilerarako eta ustekabeko heriotzarako asegurua dauka; eta, NFC teknologiarekin hornitutako txartela da.
Merkaturatze kanpaina
Abian da dagoeneko txartel berriaren merkaturatzea, eta urriaren 31 arte dago eskuratzeko aukera. Eskaera egiteko eskuorri bat bete beharko da eta elkarteko saltokietan, Rural Kutxan edo elkarteko webaren bidez osatu beharko da eskaera. "NANren fotokopia ere erantsi beharko da, eta txartel zaharra dutenek hori ere erakutsi beharko dute truquea egiteko", azaldu dute.
Txartel berriaren ordezkapena edo eskaera egiten duten lehen 1.200 herritarrek 10 euroko opari txeke bat lortuko dute. "Azaroaren 30a arte izango dute elkarteko saltokietan erabiltzeko". Lehen bi txartelak jaso dituzten pertsonak Lucia Lacarra dantzaria eta Iñaki Goikoetxea puntista izan dira. Horiek eman diote hasiera Zumaia Visa txartel kanpainari.