Akordioa adostuta, espetxea saihestuko dute Nagore Garciak, Ainhoa Bagliettok eta Eneko Ibargurenek

Urola Kostako Hitza 2019ko irailaren 16a

Gaur hasi da 11/13 sumarioko 47 auziperatuen kontrako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean. Auziperatuek beren kontrako akusazioak onartu dituzte, eta akordioa erdietsi dute fiskalarekin. Urtebete eta sei hilabeteko eta bi urtera arteko zigorra ezarri diete 45 auziperaturi –tartean dira Garcia, Baglietto eta Ibarguren–, eta, horrenbestez, ez dute espetxera joan beharko. Enparantza eta Zulueta, aldiz, hilabete batzuetarako sartuko dituzte giltzapera.

Nagore Garcia, Ainhoa Baglietto eta Eneko Ibarguren ez dira espetxera joango. Gaur, astelehena, 10:00etan hasi da 11/13 sumarioko 47 auziperatuen kontrako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta minutu gutxiren buruan amaitu da, akusazioak onartuta eta akordioa erdietsita. Auziperatuek beren kontra egindako akusazioak onartu dituzte. Akusazioak onartu ostean, aldeek esan dute ez dagoela frogarik egin beharrik. Beraz, ondorioetara pasatu dira zuzenean. Ondorioetan zigor eskaera berriak zehaztu ditu fiskalak, eta amaitutzat eman dute gaurko saioa eta epaiketa. Eskaera horietan, erakunde terroristako kide izatea egotzi diete bi akusaturi, Arantza Zuluetari eta Jon Enparantzari, eta beste 45i, berriz, parte hartze aktiboa. Modu horretan, 45 auziperaturi urtebete eta sei hilabeteko eta bi urtera arteko zigorra ezarri diete. Horrenbestez, espetxea sahiestuko dute 45 auziperatuk, Garcia, Baglietto eta Ibarguren tartean. Espetxea saihestuko duten arren, hiru urterako inhabilitazio absolutua jasoko dute epaituek. Eta haietako hamaseiri egunerokoan eragingo die horrek, arlo publikoan egiten dutelako lan. Hiruk, gainera, betirako galduko dute lanpostu publikoetarako lortutako plaza.

Zulueta eta Enparantza, aldiz, espetxera joango dira. Zuluetari hiru urte ta sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote eta Enparantzari bi urte eta zazpi hilabetekoa. Hala ere, aurrez behin-behinean egindako espetxealdia kontuan hartuta, bost hilabete egingo dituzte preso. 

Behin epaiketa amaituta, Auzitegi Nazionalaren kanpoaldean hitz egin du Amaia Izko abokatuak. Bere esanetan, helburua denek espetxea sahiestea zen. "Askotan salatu dugu epaiketa honetara baldintzatuta gatozela, Auzitegi Nazionala ez baita ohiko epaitegi bat, eta horrek ahalbidetu baitu gure aurkako zigor eskaerak izugarriak izatea. Horrek pentsarazi digu agian zigor horiek egia bilakatu zitezkeela, eta bultzatu gaitu akordioa onartzera, nahiz eta gure hasierako helburua denok aske irtetea izan. Erabaki kolektiboa izan da".

2013. urtean Herriraren kontra egindako operazioan du jatorria 11/13 sumarioko 47 auziperatuen kontrako epaiketak. 

Balorazio "gazi-gozoa"

Epaiketa amaituta, eskualdeko hiru auziperatuekin hitz egin du Urola Kostako Hitzak. Eneko Ibargurenek ezarritako zigorrak zertan eragingo dion azaldu du: "Urte eta erdiko espetxe zigorra (suspentsioan geratuko dena, espetxean sartu beharrik gabe), hiru urterako inhabilitazioa eta hezkuntza publikoan dudan plaza betirako galtzea ekarriko dit ezarritako zigorrak". Era berean, bere aurkako akusazioak onartzeak "kontraesan handia" eragin diola adierazi du. "Akordioaren ondorioak gogorrak dira pertsona askorentzat, baina espetxe zigor handiak izateko arriskua genuen, eta elementu guztiak mahai gainean jarri ondoren, akordioa sinatzea erabaki dugu, espetxe zigorrak ahalik eta gehien saihestea lehenetsiz. Entzutegi nazionalean ez genuen justiziarik espero. Gure artean sakon eztabaidatu ondoren, modu kolektiboan hartu dugu erabakia".

Horrekin batera, «herrian jaso duen babes guztia eskertu nahi izan du azpeitiarrak. "Benetan eskertu nahi dut nire herrian jaso dudan babes guztia. Espero dut asmatuko dudala elkartasun hau guztia itzultzen eta behar duen horren ondoan egoten. Gogoan ditut espetxeetan ditudan lagunak, beraiengandik hurbil egoten jarraitu nahi dut, eta nire aletxoa jarriko dut presoak herrira ekarri arteko lanean. Tentsio askoko asteak izan dira azken hauek, eta kapitulu hau ixtea dagokit orain. Kapitulu berriak eta ederragoak irekitzeko gogoz nago, jendearekin, eta beti jendearekin. Maitasun handiz, eskerrik asko denoi".

Garciak, berriz, azken egun hauek nola bizi izan dituen kontatu du: "Ez da egun bakarra izan, aurreko egunak ere hor daude. Nahiko prozesu gogorra izan da. Kondena eskaerak handiak ziren eta kostu pertsonal handia eragin du horrek. Denok heldu gara nekatuta, desgastearekin, baina indarrarekin ere bai, babes handia jaso dugulako". Era berean, Audientzia Nazionala kritikatu du zumaiarrak: "Badakigu epaitegi hau zer den guretzako. Ez dugu guretzako justiziarik lortuko hemen. Akordioa lortu dugu, jarrera ireki batekin geunden. Hala ere, bi lagun kartzelara doaz, eta hori gogorra da. Baina lortu genezakeen akordiorik onena izan da. Espetxera joateko beldurra genuen, eta hori saihestu dugu".

Bagliettok adierazi duenez, "ukitu gazi-gozoa" dute akordio guztiek: "Espetxeratu egingo dituzte auzipetutako bi kide, eta fiskalak egindako akusazioak onartu behar izan ditugu". Horrez gain, "hainbat kostu pertsonal" ere izango direla gogorarazi du. Dena den, Bagliettok azaldu du "arduraz jokatzea egokitu" zaiela auzipetuei: "Ezin gara lehengo garaira itzuli; ezin dugu espetxeak betetzen jarraitu. Hau izan da aukerarik onena".

Bestalde, beren aurkako auzia dela-eta "jendeak egindako lana eta emandako erantzuna eta besarkada" eskertu ditu Bagliettok. Orain, beren lan guztia "preso eta iheslarien eskubideen aldeko lanera" bideratuko dutela dio: "Hori da gure desioa, eta hori izango da gure lana aurrerantzean".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide